Doneztebe Futbol Taldeak Nafarroako Maila Autonomikora igotzea lortu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko eka. 28a, 10:00

Larunbatean Ardoi Bren kontra 0-3 irabazi ondotik, igoerarako pasea lortu dute doneztebarrek. Baztanek berdinketa lortu zuen River Egaren aurka baina agurra erran beharko dio hirugarren mailari.

Denboraldiko azken partidek asteburu gazi-gozoa ekarri dute eskualdeko futbolzaleendako. Malerrekan Doneztebe Futbol Taldearen igoera ospatu dute Preferentetik Maila Autonomikora, Migeltorena, Erasun eta Arbillari esker 0-3 irabazi ondotik Zizur Nagusiko Ardoi Bren aurka. Giro ederra izan zen larunbatean El Pinar zelaian eta gogoz ospatu dute mutilek denboraldi paregabearen bukaera ezin hobea. Zorionak!

Bertze aldetik, halabeharrez erran behar izan dio agur Baztanek hirugarren mailari, 1-1 gelditu ondotik Andosillako River Ega taldearen kontra. Emozioz beteriko jardunaldia izan zen hala ere, Asier Lizartzari egindako omenaldiarekin. 20 urteren ondotik, klubeko jokalari, teknikari eta zuzendaritzaren txaloekin utzi zuen Lizartzak futbol taldea. Besarkada eta opariekin eskertu zioten jokalariari azken bi hamarkadetan klubarengatik egindako guztia.

Donezteben igoerarekin eta Baztanen jaitsierarekin, heldu den urtean doneztebarren eta baztandarren arteko derbia izanen dugu Maila Autonomikoan.

FUTBOLA

Nafarroako hirugarren mailan

  • Baztan 1 (Mikel Azpiroz) – CD River Ega 1

Nafarroako Preferente mailan

  • CD Ardoi B 0 – Doneztebe 3 (Beñat Migeltorena, Xabi Erasun eta Ander Arbilla)
Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun