Bidasoaldeko Ipar Martxa Maratoian izena emateko epea zabalik dago

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 14a, 17:00
Joan den urtean egin zen Bidasoaldeko Ipar Martxa Maratoian hartutako irudia. Argazkia: Itzalakphotography

Ekainaren 19an Doneztebe eta Sunbilla arteko bide berdean jokatuko dira Bidasoaldeko Ipar Martxa maratoia eta maratoi erdia eta, dagoeneko izen-ematea zabalik dago herrikrosa.eus atarian. Parte-hartzaileek 42 kilometroko maratoia eta 21 kilometroko maratoi erdia izanen dituzte aukeran, banaka edo erreleboka egiteko. Horrez gain, bortz kilometroko bertze proba bat ere izanen da.

Joan den urteko arrakasta errepikatzeko gogoz, aurten ere ipar martxa maratoia antolatu dute Corriendoporelmundo enpresak eta Ttuku Ttuku ipar martxa taldeak, Doneztebeko Erreka kirol elkartearekin eta Doneztebeko Udalarekin elkarlanean. Ekainaren 19an izanen da bigarren hitzordu hori, Doneztebe eta Sunbilla lotzen dituen bide berdean barrena. Banaka eta erreleboka parte hartzen ahal izanen da, eta Nafarroako Koparako puntuagarriak izanen dira.

Maratoiak 42,195 kilometro izanen ditu eta maratoi erdiak 21,097 kilometro. Maratoia banaka egin behar dutenak izanen dira proban aterako diren lehenbizikoak, 07:30ean. Ordu erdi beranduago, 08:00etan, maratoia erreleboka egin behar dutenak aterako dira. Maratoi erdia banaka egin behar dutenak 09:00etan aterako dira eta 09:30ean erreleboka egin nahi dutenak. Horrez gain, bortz kilometroko proba herrikoia ere izanen da.

Izen-ematea herrikrosa.eus atarian egin beharko da. Maratoian parte hartzeko 32 euro ordaindu beharko dira, maratoi erdian parte hartzeko 21 euro eta bortz kilometroko proban parte hartzeko bortz euro. Izen-ematearen inguruan, zenbait ohar jakinarazi dituzte antolatzaileek: Maiatzaren 25erako apuntatzen direnek izen-ematea alde batera utziz gero, ordaindutakoaren %100 hartuko dute bueltan, kudeaketa gasturako erabilitako bi euro izan ezik. Maiatzaren 25etik ekainaren 8ra bitartean apuntatzen direnei erdia itzuliko diete, aipatutako bi euroak izan ezik. Ekainaren 8tik aitzinera apuntatu eta izen-ematea bertan behera utzi nahi izatekotan, ez diete ordaindutakoa bueltatuko. Hala ere, izen-ematea alde batera uzteko arrazoia medikuak argudiatua baldin bada eta ekainaren 10a baino lehen jakinarazten badute, ordaindutako dirua itzuliko diete.

Eguna hurbildu ahala xehetasun gehiago emanen dituztela adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun