Atzo arte onartutako laguntzak ia hamar milioi euro dira, zehazki 9.974.493,65 euro, eta dagoeneko enpresei ordaintzen ari zaizkie. Onartutako eskaera guztietatik, 1.623 eskaera 15.000 euro baino gutiagoko laguntzak dira, eta 125 kasutan, jasotako zenbatekoa kopuru hori baino handiagoa da.
Mikel Irujo kontseilariak azaldu duenez, deialdia egiteko kontuan hartu ziren 4.909 enpresa potentzialen eskabideak hartu ditu orain arte Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuak. Aurkeztu diren eskaera guztien artean 2.214 ebatzi dira, %73,21. Eskaera horietatik 1.748 onartu dira, eta bertze 283 ukatu egin dituzte, batez ere Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez egoteagatik. Oraindik bertze 810 laguntza eskaera (%26,79) tramitatzen ari dira.
Helburua negozioen gastu finkoak konpentsatzea da
Laguntza hauen helburua enpresek jasan behar izan dituzten gastu finko operatiboak konpentsatzea da, COVID-19k eragindako kutsatze kopurua murrizteko Foru Gobernuak ezarritako edukiera- eta sarbide-mugak direla eta.