Aroa Noble Flores

«Borroka feministaren parte izateko Lañaidek taldera etor zaitezkete»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 11a, 09:30

Aroa NOBLE FLORES, Ezkurrako gaztea

Ezkurran sortu eta bizi den arren, lagun taldea Leitzan duen gaztea da Aroa Noble Flores (Ezkurra, 2001). Astegunez «herri ttiki gehienetako bizitanleek bezala» bizimodu lasaia darama. Osasun dokumentazioa zikloko praktikak egiten ari da orain, Iruñeko San Migel klinikako artxiboan. Hortik kanpoko denbora bere zaletasunetarako, «marrazten, idazten, argazkiak ateratzen...», aritzeko baliatzen du. 

Lañaidek talde feministako kide

Asteburuetan eta denbora librea duenean, maiz Leitzara jotzen du Ezkurrako gazteak: «pena da baina herrian nire adineko besterik ez dago, ni baino hiru urte gazteagoa den ahizpa eta bere adineko bi izan ditut hurbilenak. Ondorioz, Leitzara jotzeko joera betitik izan dut eta gaur egun lagun taldea bertan dut...». Betiko lagunez gain, gehiago egiteko aukera izan du aurten sortu duten Lañaidek taldean.

Urte zaila izan da gazteentzat baina, muga guztien gainetik, 16-26 urteko gazteak biltzen dituen eta feminismoa ardatz duen taldeak aurrera egiteko zirrikituak harrapatu ditu, feminismoaren aldarria «inoiz baino beharrezkoagoa» izan den momentuetan: «berria den zerbait agertzen denean gainerako arazo guztiei garrantzia kentzeko joera dago eta hori ez dela horrela erakutsi nahi izan dugu...».

Hala, «neska gazteon beharrak asetzeko espazio bat izateko nahiak bultzatuta», hasi ziren lanean eta bertako Sastrakak talde feministarekin batera, «herri feminista baten alde borrokatzeko asmoa gidari», urtarrilean egin zuten taldekideek lehenbiziko bilera.

Hazitakoa hartu eta enborra sendotu

Elkar ezagutzea izan zen lehenbiziko pausoa. San Valentin egunaren aitzakian, maitasun erromatikoaren aurka, autoestima lantzeko tailer bat egin zuten. Ondotik, martxoaren 8a antolatzen aritu ziren: «igande horretan, hilaren 7an, tarranta morea irratsaioa eta elkarretaratze sinboliko bat egin genituen. Azken horretan 2018tik gaur egunera hil dituzten emakumeen izenak oihukatu eta lastargi bana piztu genien, gure oihua zuen oihartzuna lelopean».

«Koronabirusaz solas egiten dugu baina arazo gehiago badaude»

Aroa NOBLE FLORES, ezkurratarra

Ekitaldien balorazioa «positiboa» izan da taldekideentzat: «bizitzen ari garen egoera kontuan hartuz, ekitaldietara jende asko hurbildu zelako eta harrera ona izan zutelako».

Hori guztia, Sastrakak taldearekin elkarlanean antolatu zuten, eta batzuek zein besteek argi dute feminismoa ez dela egun bakarrera mugatzen: «hazia jarri zutenei entzun eta heldu direnei enbor sendoa uzteko lan egin behar dugu. Egoera hobetu da, eskubide batzuk lortu ditugu. Hala ere, egungo gazteok kritikatzeko joera handia dugu, segurtasun falta dugu, etxera bakarrik joateko beldurrarekin bizi gara... Feminismoa urte askotako borroka delako».

Talde irekia

Lehenbiziko pausoak emateko sustengu handia izan da Sastrakak Lañaiderentzat: «hutsetik hasi gara eta asko dugu ikasteko. Horixe izan da lehenbiziko pausoa, ikastea eta elkarlanean aritzea...».

Hasiberriak izateak dituen mugak alde batera utzita, berriki sortutako taldea izateak kideak hurbiltzea errazten duela uste du: «beti da zailago sortua dagoen talde batean zure tokia harrapatzea...». Horregatik, talde hau sortu dela aprobetxatuz, «borroka honen parte izan nahi duten guztiei» taldera jotzeko eskua luzatu nahi izan die Aroa Noblek: «nik neuk ere ez dut esperientziarik, baina denok egin ditzakegu ekarpenak». Eta ez da hori bakarrik: «talde honek lagun talde bat egiteko aukera ere ematen du, bileretatik kanpo ere, pote baten bueltan, elkartzen gara eta».

«Oraindik etxera bakarrik joateko beldurra izaten dugu»

Aroa NOBLE FLORES, ezkurratarra

Dagoeneko 17 lagun daude taldean: «giro ona eta konfiantza dago gure artean eta ez da lehendik hala zelako, taldeko askorekin lehenago harremanik ez nuen...». Pozik dago Noble, bere ideiak partekatzen dituen talde batean sartu eta bere tokia harrapatu duelako.

Normalean larunbatetan bildu ohi dira, 16:00etan, Herrigunean. Dena den, pixkanaka hori zabaltzen eta «ateak irekita» dituztela jakinarazten hasiko dira: «sare sozialak egin ditugu eta hortik zabalduko dugu bileren berri». 

Ideiei forma ematen

Aurreikuspen argiak dituzte eta horiei forma emateko gogotsu daude: «formakuntzekin segitu nahiko genuke, feminismo antiarrazista jomuga duen hausnarketa lantzeko ideiak lantzen ari gara, baita dirua lortzeko ekitaldiak egiteko aukera aztertzen ere». Ideiei forma eman eta hitzetik egitera pasatzea izanen da hurrengo egitekoa...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun