Atzo, apirilaren 6an, Malerrekan bizi diren 70 urtetik goitiko herritarrek izan zuten koronabirusaren aurkako txertoa hartzeko aukera, Doneztebeko kiroldegian. Goizean 80 urtetik goitikoen txanda izan zen eta arratsaldean 80 urtetik goitikoena. Bigarren dosia apirilaren 27an hartuko dute, atzo lehenbiziko dosia hartu zuten ordu berean.
Dagoeneko adinekoak txertatzeko hainbat txertaketa saio egin dira eskualdean. Lehenbizikoa Leitzan egin zuten, martxoaren 23an, eta Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan bizi diren 80 urtetik goitiko 258 lagunek hartu zuten Pfizer etxearen lehenbiziko dosia.
Martxoaren 29an Baztanen bizi diren 80 urtetik goitikoen txanda izan zen eta guztira 480 lagunek hartu zuten txertoa, Elizondon.
Biharamunean, hilaren 30ean, Bortzirietako adinekoei egokitu zitzaien eta Lesakan egindako hitzorduan guztira 430 lagunek hartu zuten txertoa.
Atzo, berriz, apirilaren 6an, adin tartea zabaldu eta Malerrekako 70 urtetik goitiko herritarrei egin zieten Covid-19aren aurkako txertoa hartzeko deia eta 750 lagunek hartu zuten. Doneztebeko kiroldegian eman zituzten txertoak eta adierazi dutenez, «ez zen inolako gorabeherarik izan».
Bigarren dosia hilabete honetan hartuko dute: Leitzan apirilaren 13an, Elizondon hilaren 19an, Lesakan 20an eta Donezteben 27an.
Horrenbertzez, Leitzan, Elizondon, Lesakan eta Donezteben adinekoak txertatzeko egin diren deialdietan, eskualdeko 1.900 lagunek baino gehiagok hartu dute Pfizer etxearen lehenbiziko dosia. Bigarren dosia hilabete honetan hartuko dute: Leitzan apirilaren 13an, Elizondon hilaren 19an, Lesakan 20an eta Donezteben 27an.