Urte berri, eskola berri izanen dute Iturenen

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 8a, 07:00
Iturengo eskola berria egiteko 2.685.774 euroko inbertsioa egin du Nafarroako Gobernuak.

Ate irekien eguna izanen dute gaur, ikastetxea ezagutzera emateko eta astelehenean hasiko dituzte klaseak Pulunpa eskola berrian.

Iturengo eskolako 70 ikasle inguruk eta beraien irakasleek Pulunpa eskola berrian ekinen diote urte berriari astelehenean. Azken asteetan egin dute aldaira Herriko Etxetik eraikin berrira eta gaur, urtarrilak 8, ate irekien eguna izanen dute, eskola berria ezagutzera emateko.

Eraikin berriak 1.214,70 metro koadroko azalera eraikia du eta 6 unitaterako edukiera. Gainera, berariazko gelak, jantokia, irakaskuntza-bulegoak, komunak eta bertzelako gela osagarriak ditu. Eraikinaren proiektua Díaz Arquitectos enpresak egin du eta eraginkortasun energetikoari dagokionez, «kontsumo ia nuluko eraikinen» kalifikazioa omen du. Energia-kontsumo ia nuluko eraikinak, termino garbietan, kontsumitzen duten energia (klimatizazioan eta ur korronte sanitarioetan) zerotik hurbil egoteko diseinatutako eraikinak dira. Hau da, eraikin hauek, energia berriztagarriak erabiliz eta bertze energia-iturri batzuk optimizatuz, denboraldi batean, generalean urte bateko epean, kontsumitzen duten energiaren haina ekoitzi behar dute euren kabuz.

2.685.774,34 euroko inbertsioa

Eraikuntza lanak Excavaciones Osés SL enpresari esleitu zion Hezkuntza Departamentuak 2.207.899,34 euroren truke eta, gainerako gastu guztiak sartu ondotik, inbertsioaren guztizko prezioa 2.685.774,34 eurokoa da. Obrak 2019ko azaroaren 4an hasi ziren, eta 7 hilabeteko epea zuten akitzeko; beraz, 2020ko ekainaren 5erako akituta egon behar zuten. Hala ere, lurrak mugitzeko lanak hasi zirenean, ondoko mendi-hegala egonkortu behar izan zuten, segurtasun-arazoak zeudelako lanak egiteko, eta horrek akabera-epea atzeratzea ekarri du. Azken asteetan eraikina barnetik egokitzeko eta hornitzeko lanean aritu dira eta astelehenean estreinatuko dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun