Urriaren 13tik aitzinera lehen bezala, bakoitza bere herriko kontsultategietan artatua izanen da. Hori bai, «arau batzuk bete» beharko direla jakinarazi du Monica Martin Doneztebeko osasun etxeko zuzendariak:
- «Jende pilaketak saihesteko puntual joatea hagitz garrantzitsua izanen da, ez lehenagotik ez beranduago ere».
- Maskara soinean joan beharko da.
- Pazienteak laguntzaile bat behar baldin badu, «paziente bakoitzeko lagun bat» onartuko dute.
- Segurtasun tartea mantentzea ere ezinbertzekoa izanen da.
- Covid-19aren sintomarik izanez gero, hitzordua hartua izanagatik ere, osasun zentrora deitu eta kontsultategira ez joateko eskatu dute.
Bertzetik, Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako herritarrei PCR probak Doneztebeko osasun zentro zaharrean egiten segitzen dute. Martinek TTIPI-TTAPAri azaldu dionez, «orain arte, egunean, gutxienez 33 eta gehienez 57 PCR proba egin ditugu».