Ezkurrako jaiotza-agirien bilduma zabala herritarren eskura jarri du Fernando Etxeberriak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 17a, 09:00

1600 eta 1900 urte bitarteko Ezkurrako biztanleen jaiotza-agiriak bildu ditu Fernando Etxeberriak.

Duela bost urte turista argentinar batzuek Ezkurrara egindako bisitak eman zion aitzakia Fernando Etxeberriari bilketa lan hau egiteko. Goikoetxea, Mariezkurrena eta Telletxea abizena zuten jatorri euskalduneko argentinar hauek eta Ezkurran galdezka ibili ondotik Fernando Etxeberriarengana bideratu zituzten. Gutxi izanen baitira Ezkurrako historiari buruz Etxeberriak bezainbertze dakitenak. Herriko historiari buruzko hainbat libururen egilea izanik, sekretu gutxi ditu Ezkurrako udal artxiboak berarentzat. Horrela hasi, eta 1600-1900 urte bitarteko Ezkurrako biztanleen jaiotza agiriak bildu ditu.

«Eliz barrutian  Ezkurrako bataio liburuak daude gordeta»

Ezkurratik Iruñera 
Argentinako bisitariei jakinarazi zien 1879tik aurrerako datuak daudela Ezkurrako udal artxiboan. Informazio gehiago lortu nahi izatera eliz barrutiko artxibora bideratu zituen, bertan Ezkurrako bataio liburuak baitaude gordeta eta jaiotza daten liburuak ere gordetzen dituzte. 

Etxeberriak, eurek eskatutakoa bildu zuen, ahalik eta erantzun zehatzena emanez. Argentinako lagunen egonaldi mugatura egokitu zuen bere bilaketa lana, denbora gutxirako etorri baitziren Euskal Herrira. Behin lan horiek eginda gehiago sakontzen hasi zen 1600 eta 1870 urte bitarteko Ezkurrako bataio agiriak jasoz. 

Iruñeko eliz barrutiko artxiboan Tito Gorostiagaren laguntzarekin jarraitu zuen lanean Etxeberriak. Lau ordutan Ezkurrako 50 lagunen bataio agiriak lortu zituzten. Nahiz eta bertan Ezkurrako 2.800 biztanleren datuak egon, pena handiz bilketa lana bertan behera utzi zuten. Elizbarrutiaren artxiboa hiru hilean behin kontsultatu zezaketen eta milaka datu izanik urte askotako lana suposatuko luke bilketa horrek. 

David Mariezkurrenak, aita Ezkurrakoa duen  historialariak, lanarekin jarraitzeko beste bide bat eman zion: Iruñeko Mormoien artxiboa eta Family Search web ataria. Hiru mende horietako datuak bertan topatu ahal izan zituen. Lan eskerga eta luzea izan da baina gustura aritu da Etxeberria itxialdian zehar datuak biltzen. 

«XVII. eta XVIII. mendeetako datu gutxi daude eskuragarri»

Lanaren edukia
Mormoien artxiboko datuekin eta elizbarrutiko beste batzuekin hiru epetako lan mardula osatu du Etxeberriak. Lehenbizikoan 1600 eta 1700 bitarteko agiriak; bigarrenean, 1701-1799 artekoa datuak; eta, hirugarrean 1800-1900 urte artekoak.  XVII. eta XVIII. mendeen arteko «datu gutxi» daudela dio, liburuen orrialde batzuen egoera kaxkarra dela eta baina gainerako datu guztiak txukun bildu eta gorde ditu. Horrez gain bilketa lanaren bukaeran, 1876tik 1905era bitartean Ezkurrako artxiboan zeuden datu guztien zerrenda orden alfabetikoan gehitu dio.
 
Errepikatzen diren abizenak
Mariezkurrena, Telletxea, Goikoetxea, Ezkurra, Hernandorena, Indakoetxea, Etxeberria eta Garziarena dira Ezkurrako artxiboetan gehien errepikatzen diren abizenak. Ondoren estatuko beste probintzia batzuetakoak ere nabarmentzen dira: Placero, Senper, Berrio, Jimenez, Baeza edo Garro. Bere garaian Ezkurrako meategi eta burdinoletan lanera etorritakoen ondoko belaunaldiarena. 

Datu hauek guztiak kontsultatzeko moduan paratu ditu Fernando Etxeberriak eta interesa duena berarekin harremanetan jar daiteke kontsulta egiteko. Horrez gain, Mormoien web-gunean kontsulta egiteko ere gomendatu dio euren arbasoei buruz informazio gehiago lortu nahi duenari. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun