Malerrekako zortzi gaztek Bostorratz-Mendaur mendi erronka egin dute

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 28a, 10:00

Joan den larunbatean, uztailaren 25ean, Malerrekako zortzi gaztek mendi erronka egin zuten. Bostorratzetik abiatu eta Mendaurrera joan ziren bikoteka. Bikote azkarrena Julen Retegi eta Jon Belarra izan ziren.

Duela bi hilabete onartutako erronka hitzetik egitera pasatu zuten joan den larunbatean, uztailaren 25ean. Bi hilabeteotako entrenamendu isiletan prestatutakoa erakusteko momentuan, batak bertzeari kontatutako gezur ttikiak alde batera utzita, kirolariek ahal zutena eman zuten.

Julen Retegi eta Jon Belarra doneztebarrek; Urko Loiarte zubietarrak eta Eloy Garcia doneztebarrak; Aberri Untxalo iturendarra eta Aritz Juanenea saldiastarrak; eta Ibon Leiza eta Iñaki Maylin doneztebarrek parte hartu zuten.

Retegi izan zen azkarrena eta bikote zuen Belarrak eta biek ordubete eta 30 minuto behar izan zituzten (denborak gehituta) Bostorratzetik Trinitate ermitaraino ailegatzeko. Bortz minutuko aldearekin ailegatu ziren Urko Loiarte eta Eloi Garcia, ordubete eta 35 minutu bertzerik ez zuten behar izan. Hirugarren eta laugarren bikoteen artean bazkaria nork ordaindu zuten jokoan eta ikusleek, kaskotik, emozio handiz bizitu zuten momentua.

Ibon Leizak Aberri Untxalori minutu eta 20 segundoko aldea atera zion eta ikusleak azken bien zain egon ziren. Juaneneak Maylini minutu eta 20 atera behar zion hirugarren izateko. Bi minutu eta bi segundoko aldea aterata, Untxalo eta Juanenea izan ziren hirugarren. Horrela bada, Ibon Leizak eta Iñaki Maylinek ordaindu behar izan zuten Julen Retegi eta Belarraren bazkaria.

Erronkan parte hartu zuten zortzi lagunek MPS elkartearen kamisetak jantzi zituzten, gaixotasun hori dutenei keinu eginez. Eta hori guztia posible izateko, epaile lanak egin zituzten lau gazteek Mendaurren egin zuten lo bezperan.

Hurrengo erronka mahai gainean

Erronka akitu bezala, hurrengoari begira hasi ziren. Orekatuagoa eta estuagoa izanen dela aurreratu dute: «zortzikote berak eginen du baina bikoteak orekatuagoak izanen dira». Data oraindik zehazteke dagoen arren, lau bat hilabetera izanen dela aurreikusi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun