Kultur 2020 egitarauan eskualdeko lehenengo kontzertua emanen du Feten Feten taldeak uztailaren 23an Donamarian

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 21a, 07:00
Feten Feten taldeak musika fresko, dibertigarri eta dantzagarria ekarriko du Donamariara.

Ortzegunean 21:00etan plazan

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen Kultur programaren 25. edizioa izanen da aurtengoa. Ortzegun, ortzirale, larunbat eta igandetan eginen dute, uztailaren 18tik irailaren 13ra bitartean, 36 herri eta intereseko gunetan, programazioan musika, dantza eta artea eskainiz. Eskualdeko lehenbiziko kontzertua Feten Feten taldeak eskainiko du uztailaren 23an, ortzegunean 21:00etan Donamariako plazan.

Musika fresko, dibertigarri eta oso dantzagarria, mota askotako estiloak nahasten dituena, hala nola fox trota, txotisa, jota, seguidilla, erronda, pasodoblea eta habanera. Musika-bidaia bat, gure penintsulatik beste lurralde batzuetara eramaten gaituena: Balkanetako oihartzunak, manuoche ezaugarriak, japoniar ebokazioak, kaioen kantuak eta itsasoaren soinua bera.

Bikote honen konposizio originalak musika-joeren mosaiko bat dira eta publikoari irribarrea sortzen diote beren izenburu iradokitzaleekin. Hona batzuk: Jota del Wasabi, Habanera de El Espolón, He visto un Oso en los Cárpatos, Fandangos de Atapuerca eta Swing a la pepitoria. Errepertorio horrek haurrak eta helduak dibertitu eta hunkitzen ditu, hitzik gabe istorioak kontatzen dituen musika baita, publikoarekiko erabateko harmonian bat eginda, bai auditorio handietan, bai herrietako plazetan.

Entzuteko eta dantzatzeko melodia instrumental horiek gure sustraietan barnako ibilbidea egiten dute eta Europako eta Hego Amerikako paisaiak oroitarazten dituzten ukitu berritzaileak txertatzen dituzte, nazioarteko biretan jaso direnak eta Espainia osoan barna eraman dituzten 800 kontzertu baino gehiagotan zabaldu.

Bertizko Jaurerriko jauregian Pedro Salaberriren Bideak erakusketa ere ikusgai dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun