Kultur 2020 egitarauak hainbat ekitaldi ekarriko ditu eskualdera uda honetan ere

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 7a, 09:00
Kultur 2020 egitarauaren aurkezpena. Hainbat agintariren artean, eskuinean, Bertizen erakusketa eginen duen Pedro Salaberri margolaria ageri da.

Pedro Salaberriren ‘Bideak’ erakusketa irekiko dute Bertizen eta musika eta dantza emanadiak izanen dira Beran, Donamarian, Elizondon, Leitzan eta Zugarramurdin

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen Kultur programaren 25. edizioa izanen da aurtengoa. Ortzegun, ortzirale, larunbat eta igandetan eginen dute, uztailaren 18tik irailaren 13ra bitartean, 36 herri eta intereseko gunetan, programazioan musika, dantza eta artea eskainiz. Larunbatetan, gainera, eskualdean eginiko turismo-jarduera batek osatuko du kultur proposamena, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren laguntzaz. Eskualdean ere hainbat ekitaldi izanen dira, zehazki, Beran, Donamarian, Elizondon, Leitzan eta Zugarramurdin. Gainera, Bertizko jaurerriko jauregiak Pedro Salaberriren ‘Bideak’ erakusketa hartuko du.

Aurten, COVID-19a dela eta, segurtasun- eta osasun-neurriak hartuko dira udalekin elkarlanean, osasun-agintariek ezarririko araudia betetzeko. Tokiko entitateek kontrolerako osasun-neurriak errespetatuko dituzte emanaldiak eginen diren azpiegituretan.

 

Kultur 2020 eskualdean

Eskualdeko lehenbiziko ekitaldia uztailaren 23an izanen da Donamarian. Feten Feten musika taldeak emanaldia eskainiko du ortzegunean 21:00etan plazan.

Musika fresko, dibertigarri eta oso dantzagarria, mota askotako estiloak nahasten dituena, hala nola fox trota, txotisa, jota, seguidilla, erronda, pasodoblea eta habanera. Musika-bidaia bat, gure penintsulatik beste lurralde batzuetara eramaten gaituena: Balkanetako oihartzunak, manuoche ezaugarriak, japoniar ebokazioak, kaioen kantuak eta itsasoaren soinua bera.

Bikote honen konposizio originalak musika-joeren mosaiko bat dira eta publikoari irribarrea sortzen diote beren izenburu iradokitzaleekin. Hona batzuk: Jota del Wasabi, Habanera de El Espolón, He visto un Oso en los Cárpatos, Fandangos de Atapuerca eta Swing a la pepitoria. Errepertorio horrek haurrak eta helduak dibertitu eta hunkitzen ditu, hitzik gabe istorioak kontatzen dituen musika baita, publikoarekiko erabateko harmonian bat eginda, bai auditorio handietan, bai herrietako plazetan.

Entzuteko eta dantzatzeko melodia instrumental horiek gure sustraietan barnako ibilbidea egiten dute eta Europako eta Hego Amerikako paisaiak oroitarazten dituzten ukitu berritzaileak txertatzen dituzte, nazioarteko biretan jaso direnak eta Espainia osoan barna eraman dituzten 800 kontzertu baino gehiagotan zabaldu.

Uztailaren 30ean, Brodas Bros Hipstory dantza taldeak, hip-hop dantzak eskainiko ditu Elizondon, ortzegunean 20:00etan hasita Braulio Iriarte pilotalekuan. 200.000 ikuslek baino gehiagok ikusi dituzte beren emanaldiak, eta SDK munduko txapelketa, 2012ko Eurobattle txapelketa eta JustedeboutSpain (hainbat aldiz) irabazi dituzte. 2017an, Max Sarietarako izendapena lortu zuten antzezle-zerrenda hoberenarengatik, eta 2018an, kaleko ikuskizun hoberenarengatik.

Brodas Bros hiri-dantzako konpainia hip hopa agertoki handietara eramateagatik da ospetsua, eta, oraingoan, Hipstory aurkezten du.Hipstory hip hoparen istorioa lantzen du, dantzekin, gag-ekin, zuzeneko musikarekin eta publikoaren parte-hartzearekin. Lau dantzarik, bboy batek eta beat boxen aditua den zuzeneko musikari batek alaituko dute ikuskizuna, Brodas Brosen Mediterraneoko giro ona publiko osoari kutsatuz.

 

Abuztuaren 22an Zugarramurdin, Tipitako musika taldeak kontzertua eskainiko du Sorginen lezean 18:00etan. Leizera sartzeko prezioa 4,50 eurokoa da.

Nafarroako talde hau 2010ean sortu zen, asmotzat izanik flamenkoaren, rockaren eta estilo latinoen ukituen arteko estilo-nahasketa eszenaratzea eta artisten eta publikoaren arteko baterako dantza bat sortzea. Lokal txikietan hasi ziren kontzertuak ematen, lagunen artean eta herriko festetan, eta, poliki- poliki, agertoki berriak lortzen hasi ziren, hala nola 360 Nafarroako Jaialdia, Foru Plaza bi aldiz Iruñeko sanferminetan eta Errioxako Actual Jaialdia. Zenbait lehiaketa ere irabazi zituzten, Nafarroako Gazte Artisten Topaketa eta Errioxako Guerra de Bandas, besteak beste. Beren ibilbidean zehar, artista ezagunekin partekatu dute agertokia: Chambao, Celtas Cortos, Gipsy Kings, Chiki Lora, Talko, Kase, etab. Hiru lan argitaratu dituzte: Maskaraquespalda (2012an argitaratutako maketa, Alakrania records-ekin); Tipitako (2014an argitaratutako LPa, SÑNT records-ekin); Sonido de Bolsillo (2017an argitaratutako LPa, SÑNT records-ekin eta Punta Paloma estudioarekin). Tipitakok eskaintzen duen emanaldia energetikoa da eta, gehienetan, alaia, baina, batez ere, lotura zuzena eskaintzen du publikoarekin, kantetan parte harrarazten baitute.

Irailaren 12an hitzordu bikoitza izanen du Kultur egitarauak eskualdean. Larunbatean 20:00etan Roland & Loop Abestiak abeslari eta musikariak kontzertua eskainiko du Leitzako plazan eta 20:30ean Berako Herriko Etxeko Plazan kontzertua eskainiko du Iruña Jazz Big Band Meets taldeak.

Leitzan ariko den Rolan Garcés (Rolan & Loop Abestiak) rock& rollaren mundutik dator, non Iruñeko zenbait taldetako kide izan baita. Egun, berriz, folkaren, countryaren edo bluesaren lurraldean sartu da, euskaraz abestuz. Melodia indartsuak, baina instrumentazio sinplearekin, protagonismoa batez ere ahotsari ematen saiatzeko. Horretarako, Rolanek zenbait pertsona izan ditu ondoan laguntzaile, bai letretan, bai moldaketetan. Euskarazko kantetan, lagun batzuek testuak utzi dizkiote, eta, moldaketetan, Oskar Benasen maisutasuna azpimarratu behar da, ekoizpenaz gain instrumentazioaren zati handi bat grabatzeko ardura hartu baitu. Gor Discos etxearekin argitaratu zuen 2018ko irailean bere lehen lana: Rolan & Loop Abestiak; Loop pedalari aipamen berezia egin dio izenburuarekin. Diskoaren kanten artean, Askatasun dantza nabarmentzen dugu, non Rolanek erregistro sakonenetatik garaienetara eramaten baikaitu.

Egun berean, Leitzan bisita gidatua eskainiko dute Peru Harrira, Gorrittenea baserrira, larunbatean 11:30ean. Helduek 4 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 3 euro. Guttienez 10 pertsonek parte hartu beharko dute. Erreserbak: peruharri@hotmail.com helbide elektronikoan edo 659 70 10 45 telefonoan.

 

Beran joko duen Pamplona Jazz/Iruña Jazz taldea gazteen artean jazz musika sustatzeko asmoz jaio zen, baita, profesional kualifikatuei esker, gazteei musikari gisa hazten laguntzeko ere praktika instrumentaletik abiatuta. Gure ibilbide laburrean, zenbait kontzertu, lantegi eta hitzaldi eman ditugu. Nafarroako jazzaren lau belaunaldi batera aritzen dira eta elkar elikatzen dute, batzuek adinaren esperientzia eta jakinduria ekarriz, eta bertzeek, gaztetasunaren energia eta bulkada.

Lan-ibilbide luzeko musikariak oraindik prestakuntza-prozesuan dauden musikariekin elkartzen ditu Iruña Jazz Big Bandek.Beren ibilbide laburrean, honako leku hauetan aurkeztu ahal izan dute beren proiektua: Nafarroako Arteen Azoka 948 Merkatuan; Civivox Jus La Rochan Pamplona Swing dantza-elkartearekin batera; El Bardo Escaldaon, Count Basie-ren omenaldian, Ramón Cardorekin batera; Zangozan Ilja Reijngoud-en musikariarekin batera. Azken artista horrek talde ospetsuen moldaketak egiten ditu (hala nola WDR Big Band), Grammy Latino sari bat ere badu, eta beste abeslari ospetsu batzuekin ere aritu da, esaterako Christmas Songs lanean Deborah Carter kantari estatubatuarrarekin, eta Jazz Urtarrijazz 2020 Zikloan, Marta Marín abeslariarekin. Haien errepertorioaren bidez, bidaia bat eginen dugu, swingen garaitik gure arora arte, bidai horretan artista klasikoak aintzat hartuta, bertzeak bertze Count Basie, Duke Ellington, George Gershwin, Ray Charles, Count Basie, Glenn Miller, Buddy Rich eta Ilja Reijngoud. Oraingo honetan, Marta Marín-en (nazioarteko jazzen ahots handienetako bat) ahotsaz gozatzeko aukera izanen dugu.

 

‘Bideak’ erakusketa Bertizen

Uztailaren 18tik abuztuaren 30era Pedro Salaberriren ‘Bideak’ margo erakusketa ikusgai izanen da Bertizko Jauregian. Astelehenetik igandera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara irekiko dituzte ateak.

Pedro Salaberrik dioenez, «ezagutzen dudan gozagarririk onenetako bat paseo lasaiak ematea da, zuhaitz eta soroen arteko bideetan edo landaretzan barna urruneko mendi eta ibarrak antzematen diren basoetan. Paseo horietan, hotzak, beroak edo euriak momentu horretan buruan dudana atzean utzi, eta kosmoseko planeta txiki batean bizi naizela eta harekin ongi moldatzea niretzat ona dela kontatu ahal didate. Nire estudioan, betiereko itzulera lortu nahian, islatuko ditudan irudiz betetzen naute paseo horiek. Nire lehenengo erakusketan ‘paisaiaren erdian irudi batek oroitu, bizi eta itxaron egiten du’ idatzi nuen, eta badirudi lehenengo aldi hura dela berriro».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun