Koronabirusa

Jende pilaketak sor ditzaketen ekimenak ez antolatzea eta ez sustatzea erabaki dute Doneztebeko Udalak eta hainbat eragilek

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 25a, 11:00

Bertan behera gelditu diren San Pedro besten harira, Covid-19aren hedapena eragin dezaketen jarduerak ez egiteko deia egin du Doneztebeko Udalak eta herriko ostatuekin, merkatari eta zerbitzu elkartearekin eta kultur eta kirol elkarteekin aho batez hainbat erabaki hartu ditu.

Udalarekin batera, Gazte Burrunbak, Laxoa Elkarteak, Erreka Kirol Elkarteak, Erreka Dantza Taldeak, Casino elkarteak, Mendi abesbatzak, herriko txistulariek, Erreka Guraso Elkarteak, Doneztebe Futbol Taldeak, osasun etxeak, merkatari eta zerbitzuen elkarteak eta hainbat ostatuk erabaki dute «jende pilaketak sor ditzaketen jarduerak eta ekimenak ez antolatzea eta ez sustatzea». Aldi berean, «gizalegearen aurkako eta elkartasunik gabeko jarrera oro baztertzea» adostu dute eta «osasun arauak errespetatzearen eta segurtasun neurriak mantentzearen» alde egin dute. Jakinarazi dutenez, «ostatuen ordutegia ez dute luzatuko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun