Koronabirusa

Herriz herriko mediku etxeak itxi dituzte Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 25a, 16:00

Medikuek kontsultak Doneztebeko Osasun Zentroan hartzen dituzte eta erizainak ere Doneztebeko zentroan ari dira lanean. Hala ere, Doneztebera hurbildu ezin dutenen kasuan, astean behin edo bitan pazienteak artatzera herrietara hurbilduko direla adierazi dute.

Covid-19 gaixotasunak goiti beheiti aldatu du eguneroko martxa; baita osasun zerbitzuetan ere. Lanean segitzen badute ere, ezohiko funtzionamendua dute. Malerrekako Osasun Zerbitzuan, erraterako, koronabirusa tarteko, hainbat aldaketa egin eta neurri hartu behar izan dituzte. Hala ere, «beharren arabera, neurriak egokituko dituztela» adierazi dute.

Herrietako mediku kontsultak ixteaz gain, beharrezkoak ez diren eta presarik ez duten azterketak eta probak gibelatu dituztela adierazi dute Osasun Zentrotik, «beti ere, gibelatze hori gaixoarentzat arriskutsua ez dela bermatu ondotik». Bertzetik, aipatu behar da, bajan egon ondotik, Sunbillako medikua astelehenean hasi zela lanean eta egun horretan hasi zen erizain berria ere, lehengoa jubilatu delako.

Pazienteak hiru multzotan
Doneztebeko Osasun Zentroan pazienteak hiru multzotan artatzeko erabakia hartu dute.

  1. Alde batetik, arnasketa arazoak dituzten gaixoei zentroan sartuta ezkerretara dagoen erabilera aritzeko gelan eskaintzen diete kontsulta, 13:00etatik 15:00etara bitarte.
  2. Bertzetik, bertzelako patologiaren bat dutenak mediku bakoitzak bere kontsultan artatzen ditu.
  3. Pediatriako haurrak, berriz, pediatriako erizainak eta familia medikuekin biltzen dira, arnasketa arazoak dituzten haur kozkorrenak izan ezik, horiek erabilera anitzeko aretora bideratzen dituztelako. 

Pediatrarik gabe

Pediatraren zerbitzuak ez du aunitzik iraun Doneztebeko Osasun Zentroan. 2019ko azaroaz geroztik pediatrarik gabe egon ondotik, martxoaren 10ean hasi zen lanean pediatra. Titularraren bajaren hilabete bateko ordezkapena egitera etorri zen baina martxoaren 20tik berriz pediatrarik gabe daude Malerrekako eta Bertizaranako haurrak. Pediatriako erizainak eta tokatzen zaien familiako medikuak artatzen dituzte haurrak, pediatrarik ez zegoenean bezala. Hori bai, arnasketa arazoak dituzten haur kozkorrenak arazo hori duten helduak bezala tratatuko dituzte, erabilera anitzeko gelan, 13:00etatik 15:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun