Pediatria zerbitzuaren inguruan Osasun Kontseilariak «dena airean utzi» duela adierazi dute gurasoek

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 24a, 14:34
Malerrekako eta Bertizaranako gurasoak Osasun Kontseilariarekin egindako bileran.

Santos Indurain Orduna Nafarroako Osasun Kontseilaria Doneztebeko Osasun Zentroan izan da gaur, eta bisita berean, Malerreka eta Bertizaranako gurasoek pediatria zerbitzua bermatzeko egindako eskariari erantzunez, gurasoekin bildu da. Aitzinetik elkarretaratzea ere egin dute gurasoek eta bilera ondotik honela adierazi dute: «profesional falta dagoela erran digute eta eskualde osorako birrantolaketa aurreikusi dutela, baina epe luzera izanen litzateke. Dena airean utzi dute».

«Konponbide argi bakarra» osasun zentroko zuzendariak eman diela nabarmendu dute gurasoek: «Belen eta Marta pediatrak arratsaldez saiatuko dira, goizen batean Irene (familia medikua baina pediatrian esperientzia duena) Arantxarekin koordinatuko da». Baina hori «gaixotasun kronikoa duten haurrei segimendua egiteko» izanen dela azaldu dute, «eguneroko gaixotasunak familia medikuei bideratzen segituko dute».

Gurasoek «osasun etxeko zuzendaritzaren eta lantalde guztiaren inplikazioa, borondatea eta lana» goraipatu dituzte: «zuzendariak bere burua eta talde guztiarena eskaini du zalantzak eta bertzelako kontuak konpontzeko».

Kontseilariaren bisita

Gurasoekin biltzeaz gain, Indurainek osasun zentroa bisitatzeko aprobetxatu du eta eskualdeko osasun-kontseiluan parte hartu du. Horrekin batera, joan den urritik martxan den Erradiologia eta Erretinografia Zerbitzuaren funtzionamendua baikor nabarmendu du. Erradiologian, lanegunetan 11:40tik 19:00etara eta asteburu eta jaiegunetan 10:00etatik 20:00etara bitarteko zerbitzua eskaintzen dute eta urriaren 23an zabaldu zutenetik urtarrilaren 31ra bitarte 611 lagun artatu dituzte. Horietatik erdiak Doneztebeko osasun zentrotik bideratu dituzte, %41 Elizondoko osasun zentrotik, %8 Lesakako osasun zentrotik eta gainerako %1 bertze osasun zentroetatik. Erretinografia zerbitzuaren kasuan, berriz, 134 lagun artatu dituzte, horietatik 64 Doneztebeko osasun zentrotik joandakoak, bertze 64 Elizondotik joandakoak eta sei Lesakatik joandakoak.

Bisitan Monika Martin Osasun Zentroko zuzendariak, Aranzazu Agerre erizaintzako buruak, Manuel Carpintero Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzaileak, Susana Miranda Nafarroa iparraldeko zuzendariordeak, Ana Ariztegi Zainketa Asistentzialak eta Etxeko Arreta Zerbitzuko buruak eta Xanti Uterga Doneztebeko alkateak parte hartu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun