Sunbillan hildako langilearen heriotza salatu du UGTk

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 23a, 12:45
Istripua gertatu zen tokia.

Doneztebeko 52 urteko langile bat hil zen atzo arratsaldean Sunbillan laneko istripu baten ondorioz, eta langile horren heriotza salatzearekin batera, gertatutakoa «zehatz ikertzeko» eta «laneko ezbeharren aurka neurriak hartzeko» exijitu du UGT sindikatuak.

Ohar bidez, Sunbillan gertatutakoa Nafarroan istripua izaten duten langileen ezaugarriekin bat datorrela azaldu du: «jatorri atzerritarreko langilea da eta istripua izaten duten langileen %55,3 hala dira; 50 langile baino gutiago dituzten enpresa batekoa da eta enpresa ttiki eta ertainetan gertatzen dira istripuen %46a; lanerako prestakuntza baxua dute eta lanpostuak izaten ahal dituen arriskuen inguruko formazio eta informazio eskasa».

Istripua izaten duten langile horien profila kontuan hartuz, UGTk «berehala» neurriak hartu behar direla uste du, «lan-munduko prekaritateak, ezegonkortasunak eta esperientzia ezak enpleguz aldatzea dakar, eta ondorioz, lanpostuak izan ditzakeen arriskuen eta hartu beharreko prebentzio neurrien inguruko ezjakintasuna da istripuak eragiteko faktore nagusia».

Sindikatuak erakunde eta eragile sozialeei egin die deia, «gaitza honekin akitzeko», eta bide batez, «hildako langilearen familiari eta lagunei elkartasuna» adierazi nahi izan die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun