Euskara plazara ateratzeko festa eguna eginen dute urriaren 12an Zubietan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urr. 9a, 19:00
Larunbat goizean artisau postuak paratuko dituzte Zubietako plazan.

Ostiralean pintxo-lehiaketa, mus txapelketa eta Hor dun koxka! taldearen kontzertua ere izanen dute

Herriaren oinarria hizkuntza delako eta hizkuntzak herria behar duelako, beste urte batez, Euskararen Eguna ospatuko dute Zubietan. Gazteek, Zubietako Udalaren eta gurasoen laguntzaz, ekitaldi saila prestatu dute. Egun handia urriaren 12a, izanen da; baina ostiraletik giroa sumatuko da.

Urriak 11, ostirala

Arratsaldean Udalak antolatutako mikro-ipuin eta ilustrazio lehiaketaren II.edizioko sari-banaketa izanen dute eta, segidan, gaztetxoak Ameli ipuin-kontalariaren eskutik, istorio goxoetan murgilduko dira. Istorio goxoak entzunez batzuk, plater gozoak probatuz besteak. Halaxe ibiliko dira. Izan ere, 19:00etan, ohi bezala, pintxo-lehiaketa izanen dute. 22:00etan mus txapelketan bilduko dira. Afalondoan, Hor dun koxka! taldeak girotuko du plaza bazterra.

Bazkarira joateko txartelak asteazkenera arte eros daitezke herriko okindegian. Helduek 30 euro eta haurrek 12 ordaindu beharko dituzte

 

Urriak 12, larunbata

Goiz osoan artisauak izanen dira herrian. Postuz postuko bueltan apustua egiteko aukera ere eskainiko dute. Izan ere, azken urteetan bezala, gazteek urdaiazpikoaren eta gaztaren pisua asmatzeko txokoa paratuko dute. Goiz erdian, 11:00 aldera, gazteen artean, herri-kirolak jokatuko dituzte. Kirolariei Kukai dantza-taldeko kideek hartuko diete lekukoa. 12:00etan dute hitzordua. Ondotik, 14:30 aldera, Azpeitiko trikitilariek alaitutako kantu-bazkaria izanen dute. 17:00etan Pontx pailazoaren bueltan bilduko dira eta emanaldiaz gozatu ondotik, 18:00etan merienda izanen dute. 19:30etik 22:00etara Elektrotxufla elektrotxaranga izanen da eta segidan, 22:30etik 00:00etara Mugalariak taldearen kontzertua. Oharkabe taldearen eskutik, gaua luzatzeko aukerarik ez dute falta izanen.

 

Bazkarirako txartelak

Bazkarira joan nahi dutenek Herriko Ostatuan edo okindegian eman beharko dute izena, asteazkena baino lehen. Txartelak 30 eurotan daude salgai (haurrendako menua 12 eurotan).

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun