Udal hauteskundeak azaroaren 17an izanen dira

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 25a, 18:00

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zen eskualdeko sei herrietan izanen dute bigarren aukera azaroan: Elgorriagan, Eratsunen, Ezkurran, Iturenen, Oizen eta Urrozen. Egun berean, Narbarte eta Legasako kontzejuetako hauteskundeak ere eginen dituzte.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak azaroaren 10ean izanen dira eta astebete beranduago udal hauteskundeak. Hala argitaratu dute gaur Estatuaren Boletin Ofizialean. Euskal Herrian 32 herritan izanen dute horretarako aukera, horietatik 31 Nafarroan daude eta sei eskualdean, guztiak Malerrekan.

Elgorriagan batzar bat osatu dute eta urriaren 4an ikusiko dute zerrenda osatuko duten ala ez. Ezkurratik ere zerbait mugitzen hasiak direla adierazi diote TTIPI-TTAPAri eta Eratsunen badirudi talderen bat behintzat ateratzeko dutela, nahiz eta oraindik ez den ofizala. Oizen oraindik deus erabaki omen dute baina zerbait egiteko asmoa badutela adierazi diote TTIPI-TTAPAri. Gainerakoan, ez Urrozen ezta Iturenen ere oraingoz ez da mugimendurik izan.

Kontzejuak

Egun berean, kontzejuetako hauteskundeak ere eginen dira. Nafarroako Gobernuak, asteleheneko ezhoiko bilkuran, foru dekretu bidez onartu zuen maiatzean izandako hauteskundeetan hautagaiak izan ez zituzten 84 kontzejuetan hauteskundeak deitzea. Eskualdeari begira, Narbarteko eta Legasako kontzejuei eragiten die deialdiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun