Urrian udal hauteskundeak egiteko mugimendu gutti eskualdeko herrietan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 17a, 09:30

Elgorriagan, Eratsunen, Ezkurran, Iturenen, Oizen eta Urrozen ez zen zerrendarik aurkeztu joan den maiatzeko udal hauteskundeetara. Hortaz, urrian izanen dute bigarren aukera, Legasa eta Narbarteko kontzejuetan bezala. TTIPI-TTAPAk bildutako informazioaren arabera, Eratsunen larunbat honetan zerrenda osatzeko helburuarekin bilera eginen dute eta Elgorriagan ortziralea bitarte zerrenda irekia utzia dute nahi duenak apuntatzeko aukera izan dezan.

Gainerakoan, Ezkurratik TTIPI-TTAPAri adierazi diotenez, «oraingoz ez da hauteskundeetarako inor aurkeztu». Herrian «kezka» dutela gaineratu dute eta «ez da inork aurkeztu nahi duenik aditzen». Iturenen, Urrozen eta Oizen ere ez omen dago mugimendurik hauteskundeei begira.

Eratsunen larunbat honetan, 16:30ean hauteskundeen inguruko bilkura deitu dute. Herriko Etxean eginen dute hitzordua. Elgorriagan, berriz, orain dela bi aste batzar orokor bat egin zutela jakin du TTIPI-TTAPAk eta «zerrenda irekia utzi zen nahi zuenak apuntatzeko». Ortzirale honetan akituko da horretarako epea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun