Iker Vicente eta Ruben Saralegi nagusitu dira Sunbillako XVIII. Ramon Latasa Sarian

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 12a, 08:17

Aizkolari beteranoen arteko lehia ikusgarrian, Mindegiak eta Larretxeak irabazi zieten Arrospide eta Peñagarikanori eta omenaldi hunkigarria eskaini zioten antolatzaileek Antton Espelosin antolatzaileari.

Argazkiak: Ibon Errazu Uria

Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuak erraz nagusitu ziren abuztuaren 11n Sunbillan, Ramon Latasa zenaren omenez hemezortzigarren urtez antolatutako aizkora sarian. Irabazleek 28 minutu eta 38 segundo behar izan zituzten hamar kanaerdikoak eta sei 60 ontzakoak mozteko. 

Ugaitz Mugerta II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.ak 29 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten eta bigarren gelditu ziren; hirugarren, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño gelditu ziren (30.41) laugarren Joseba Otaegi eta Aitzol Atutxa izan ziren (31.48) eta bosgarren Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondo leitzarra (32.04).

 

Beteranoen arteko aizkora lehia ikusgarria

Proba nagusia izanagatik, ez zen hau Sunbillako pilotalekua lepo bete zutenek ikusi zuten apustu bakarra. Izan ere, 800 lagun baino gehiago sartu ziren frontoian, inoiz baino gehiago. Ikusminik handiena, beharbada, garai bateko aizkolari beteranoek eskainitako desafioa izan zen. Alde batetik, Ezkurrako Mikel Mindegia eta Arantzako Donato Larretxea aritu ziren eta bertzetik Angel Arrospide eta Angel Mari Peñagarikano. Lauren artean, Euskal Herriko hogei txapelen jabe. Nafarrak nagusitu ziren, 16 minutu eta 32 segundo behar izan baitzituzten lau kanaerdiko eta si 45 ontzako mozteko lana burutzeko eta gipuzkoarrek 17 minutu eta 9 segundo.

 

Ehun kiloko txingekin markarik ez

Txinga eramaten egindako marka ahaleginean ez zuen suerterik izan Ousmané Drame bizkaitarrak. Ehuna kiloko txingekin lau plaza baino gehiago egin nahi zituen, Santxok utzitako marka alegia, eta entrenamentuetan lortua zuela adierazi bazuen ere, Sunbillan ez zuen egiterik izan: 2 plaza, 9 metro eta 35 zentimetro egin zituen, baina zaleen txalo zaparrada handia jaso zuen.

 

Harri-jasotze lehian Aimar Irigoien nagusi

Harri-jasotze lehian, hamarna jasoaldi eman behar zizkieten Aimar Irigoienek eta Mikel Lopetegik 125na kiloko zilindriko eta errektangularrari, 113 kiloko kubikoari eta 100 kiloko harri borobilari. Irigoienek 2 minutu eta 49 segundo behar izan zituen eta Mikel Lopetegik 9 segundo gehiago (2.58).

 

Omenaldi hunkigarria Antton Espelosini

Saioaren akabailan une hunkigarria bizitu zen Sunbillako pilotalekuan. Aizkolariek omenaldia eskaini nahi izan zioten hemezortzi urtez Ramon Latasa saria antolatzen eta aizkora munduko bertze hainbat lan (liburu mardula tartean) egin dituen Antton Espelosini. Joseba Otaegik bertsoa kantatu zion eta oroigarriak eta esker onak jaso zituen aizkolarien eta aizkorazaleen eskutik.

Aizkora saioa abuztuaren 25ean eskainiko dute Euskal Telebistan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun