Martxan da Doneztebeko Osasun Zentro berria 5.300 lagun baino gehiagori zerbitzua emateko

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 19a, 19:00
Domínguez kontseilariak bisitatu ditu gaur goizean ia hiru milioi euroko inbertsioa suposatu duten instalazioak. Argazkiak: Ondikol.

Martxan paratu duten zentroan erradiografia zerbitzua eskainiko dute

Osasuneko jarduneko kontseilari Fernando Dominguezek bisitatu du gaur goizean, aste honetan bertan abian jarri diren Doneztebeko Osasun Zentroko instalazio berriak.

Nafarroako Gobernuaren 2,9 milioi euroko inbertsioari esker eraikitako zentroak Doneztebeko oinarrizko osasun-eremuko herriak artatuko ditu: Elgorriaga, Beintza-Labaien, Urrotz, Saldias, Sunbilla, Ituren, Eratsun, Ezkurra eta Zubieta. Atxikitako biztanleriari dagokionez, guztira 5.338 osasun-txartel esleituak ditu.

Dominguez kontseilariarekin batera agertu dira Osasunbideko zuzendari kudeatzaile Oscar Moracho, Lehen Mailako Arretako zuzendari kudeatzaile Santos Indurain, Ipar Eremuko Lehen Mailako Arretako zuzendariorde Borja Azaola eta Doneztebeko alkate Xanti Uterga. Ekitaldian izan dira, halaber, Monica Martin, zentroko zuzendaria; Aranzazu Aguerre, erizaintzako burua; Osasun Kontseiluko kideak, eskualdeko udal ordezkariak eta zentroko langileak.

Gainera, zentroak, osasun-eremuko Lehen Mailako Arretarekin batera,  uda ondotik, eskualde osoko Erretinografia eta Erradiologia zerbitzuak ematea ere aurreikusi da.

Eraikin berriak, 1.400 metro koadroko azalera tarteko, 16 areto ditu kontsultetarako, erabilera anitzeko bi areto eta erradiologiako areto bat, baita harrera-guneak eta komunak ere. Kontsulta-aretoetako hiru familia-medikuntzakoak izanen dira, lau erizaintzakoak, bat pediatriakoa, bat gizarte-lanekoa, bat larrialdietakoa, bat erauzketak eta proba osarriak (espirometria, ekografia, etab.) egiteko, bat estimulazio goiztiarra egiteko, eta beste bat albaitaritza-bulego bezala erabiliko dena.

Hauexek dira osasun zentro hau artatuko duen lantaldeko kideak: Familia-Medikuntzako lau profesional, Pediatriako bat, Erizaintzako bortz, gizarte-langile bat eta hiru administrari, baita Landa Larrialdi Zerbitzuko sei profesional ere (Medikuntzako hiru eta Erizaintzako bertze hiru).

Azkenik, gogoratu behar da oinarrizko osasun-eremu honek kontsultategiak ere badituela leku hauetan: Elgorriaga, Beintza-Labaien, Urrotz, Saldias, Sunbilla, Ituren, Eratsun, Ezkurra eta Zubieta.

Erradiologia Zerbitzua

Zentro berriak azken belaunaldiko X izpien ekipamendua izanen du, 162.000 euroko kostua tarteko. Honi esker, herritarrentzako arreta hobetzeaz gain, osasun-profesionalen erabakitzeko gaitasuna aregotu eta irudi bidezko diagnosietarako Iruñera joan beharra saihestuko du.

Erradiologia aretoa robotizatuta dago eta frekuentzia altuko X izpien sorgailua izanen du, mikroprozesagailu baten kontrolpean, aparatuaren posizionamendu automatikoa errazteko, irudien kalitatea eta abiadura dexente hobetuz. Horrez gain, ekipamenduak miatutako pertsonak proban jaso duen erradiazio dosia ezagutzeko aukera ematen du.

Proba erradiologikoak ez dira formatu fisikoan eginen, formatu digitalean baizik, eta Osasunbideren sareko edozein puntutatik ikustatzen ahalko dira.

Aurreikuspenen arabera, zerbitzu hori urrian abiatuko da, ekipamendu berria instalatzeko lanak bukatu bezain laster, eta Nafarroako Ospitaleguneko erradiologia zerbitzuari atxikitako teknikariek artatuko dute.

Horrela, Doneztebeko osasun-zentroa gehitu zaie, Osasunbideak oraingo legealdian erradiologia-aparatuez hornitu dituen Nafarroako osasun-zentroei, herritarrek osasun-zerbitzuetara duten irisgarritasuna hobetu eta Lehen Mailako Arretaren erabakitzeko gaitasuna gehitzea xede duen programa bati esker. Erradiologia zerbitzua Nafarroako eskualdeetan barna deszentralizatzeak 1,6 milioi euroko guztizko inbertsioa eragin du.

Hauexek dira erradiologia zerbitzua ematen duten gainerako osasun-zentroak: Altsasu, Zangoza, San Adrian, Buztintxuri eta Tafalla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun