Laxoa Eguna ospatuko dute maiatzaren 19an Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko mai. 16a, 06:30
Bear Zana pilota plazako aspaldiko argazkia. Laxoa kultur ondasun izendatu du Nafarroako Gobernuak.

Pilota modalitatea kultura ondasuntzat jo du Nafarroako Gobernuak berriki eta sari hori ospatuko dute Bear Zanan

Maiatzaren  8an, joan den asteazkenean, Nafarroako Gobernuak laxoa pilota modalitatea kultura ondasuntzat jo zuen (BIC delako aitortza eginez). Figura juridiko horrek historia, arte, hirigintza, etnografia, zientzia, teknika edo gizarte balio berezia duten ondasunak babesteko helburua du. Saritxo hori ospatzeko Laxoa Elkarteak bere eguna antolatu du igandean Donezteben.

Egitaraua

Bear Zana plazan zehaztu dute hitzordua, maiatzaren 19an, igandean, eta goiz osoko egitaraua antolatu dute. 10:00etan musikariak herrian barna ibiliko dira, karrikak alaituz. 11:00etan Baztan-Erreka Laxoa txapelketako partida jokatuko dute: Doneztebe Zarbonet, Doneztebe Aviaren aurka. 13:00etan ekitaldi ofiziala izanen dute, laxoa kultur ondasunaren deklarazioa omentzeko.

Ondotik Casino elkartean mokadutxoa dastatuko dute. Goizean, laxoari buruzko panelak ikusgai izanen dira, elkartean bertan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun