Gobernuak Laxoa jokoa Kultur Intereseko Ondasun Inmaterial izendatu du

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 9a, 07:45

Arantzan laxoan aritzeko prest, XX. mende hasierako argazki batean.

Baztanen eta Malerrekan baizik jokatzen ez den euskal pilotaren modalitaterik zaharrena aitortu du

Nafarroako Gobernuak Laxoa jokoa Kultur Ondasun Inmaterial izendatzea onartu du maiatzaren 8ko bilkuran. Izendapenerako espedientea 2018ko abuztuan ireki zuen Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuak Laxoa Elkartea kultur elkartearen proposamenez. Laxoa Baztanen eta Malerrekan baizik ez da jokatzen da, eta baliteke euskal pilotan bizirik dirauen modalitaterik zaharrena izatea.

Pilota jokoaren historia, jeu de paume deritzon aitzindari zuzenetik hasita, laxoaren historia izan da XIX. mendearen bukaerako hereneraino, orduantxe sortu baitziren zeharkako modalitateak. Azken hauek eta bereziki xisterak lortutako arrakastaren harira, laxoa baztertuz joan zen XX. mendean, eta Baztanen eta Malerrekan baizik ez du iraun gaurdaino. Laxoatik sortuak dira egungo plaza eta frontoietan nagusiak diren modalitateak.

Laxoa plaza librean jokatzen den zuzeneko jokoa da, eta lau pilotarik osatutako bi talde aritzen dira aurrez aurre. Sakea harri finko edo plazaren alde batean jarritako botarritik egiten da, eta jokalariek, larruzko eskularru espezifikoak jantzita, pilota zuzenean botatzen dute tantoa edo marra lortu arte.

Laxoan aspaldi pilota-soroetan jokatzen zuten, herritik distantzia batera zeuden zelaietan. Beranduago, hiri-barrutiko plazetan jokatzen hasi ziren. Euskal pilotaren inguruko bertze joko batzuen antzeko ezaugarriak ditu; hala nola, bote luzea, errebotea edo paxaka. Euskal Pilotaren eremutik kanpo, badira antzeko bertze modalitateak, Espainian (Valentzia edo Lanzarote), Europan (Frantzia, Belgika, Holanda eta Italia) eta Amerikan (Mexiko, Kolonbia, Ekuador edo Argentina).

 

Ezaugarri bereziak

Kultur Ondare Immaterialaren ikuspuntutik, Nafarroarentzat «garrantzi berezia duen ondasuna da laxoa jokoa, berezia delako eta urteetan zehar iraun duelako, izan ere, pilota modalitate hau komunitate barneko transmisioaren adierazpen bizia da, bertan errotua eta partekatua».

Berezitasun horiez gain, laxoa jokoan beste batzuk ere nabarmentzen ahal dira: herrietako plazak hartzen ditu; elizarekin arras lotuta dago, jokorako espazioa bezala (eliz atariak, hormak eta teilatua) nahiz apaiz pilotarien erreferentzia historiko ugariengatik edota egun ere errespetatzen diren erritu erlijiosoengatik, Angelusean partidak etetea kasu; eta lanbide tradizionalak bizirik irautea eskatzen du, hots, ezinbestekoak diren bi tresna egiten espezializatuak (pilota eta eskularrua). Baina, bizirik iraute hori zailtzen duten faktore ezberdinak izan badira; erraterako, lurralde-eremu gutxitan ezarrita egotea, jokalari gutxi izatea, arauak konplexuak izatea, alboko eraikinei edo jokatzeko lekuei kalteak egitea, eta beharrezko tresnak fabrikatzen dituzten artisauak pixkanaka desagertzen joatea.

Horrekin batera nabarmendu behar da laxoa identitatearen osagaitzat hartzen dutela protagonistek nahiz komunitateek; harreman sozialak indartzen dituela komunitateko kideen artean; belaunaldiz belaunaldi gorde eta transmititzen dela haurtzarotik gozatu eta praktikatzen den heinean; erritualizazioak bereizgarritasuna, bateratasuna eta iraunkortasuna eman diola; eta zentzumen eta emozio bidezko esperientzia osatzen duela, zentzumen bidezko erregistro ugari bilduz, soinuak eta irudiak tarteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun