M8 Emakumearen Nazioarteko Eguna 2019

Martxoaren 8aren harira Firin Farandula antzerki taldearen emanaldia izanen da Donezteben ortziralean

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 5a, 20:00

'Carmen y Lola' filma eskainiko dute igandean Doneztebeko zinema.

Igandean, berriz, ‘Carmen y Lola’ filma ikusgai jarriko dute zineman

Martxoaren 8a indartsu dator. Aurten ere Doneztebe zein Malerrekako indar metaketa handia espero dute. Ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. 

Ortziralean, 10:00etan ernatze feminista izanen da. 11:30ean, berriz, eskola ondoko biribilgunean bilduko dira eta 12:00etan emakatea eta herrian barna itzulia eginen dituzte. Itzulian merkatari eta zerbitzuei informazioa zabaldu eta parte hartzera animatuko dituzte. 13:00etan Herrigunean bazkari autogestionatua izanen da eta ondotik jokoez gozatzeko eta eztabaidetan parte hartzeko aukera izanen dute. Elizondoko bilkurara joan nahi dutenek ere izanen dute aukera. 18:30ean Firin Farandula Malerrekako antzerki taldearen emanaldiaz gozatuko dute, zineman.

Larunbatean Mendi Abesbatzek (nagusiak eta ttikiak) elizako plazan emanaldia eskainiko dute, 19:00etan.  Ondotik, poteo morea karrikaz karrika

Igandean, berriz, Carmen eta Lola filma pantailaratuko dute zineman 18:30ean. Biltzen den dirua MPS elkartearen alde izanen da (mucopolisacaridosis). Aitzinetik, 10:30ean, Errekako emakume lasterkariak Donostiko Lilatoira joanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun