‘Pumori, mendiaren alaba’ filma eskainiko dute Donezteben otsailaren 3an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urt. 31a, 08:30
Suku Maya, bera eta Beñat Arrue ageri den argazkia erakusten. Arantxa Gurrutxaga, Beñat zenaren ama ondoan du.

Igandean 18:00etan hasiko den emanaldira sartzeko 5 euro ordaindu beharko da eta dirua SO Himalaya elkartera bideratuko dute

Otsailaren 3an, Igandean 18:00etatik antzinera Pumori, mendiaren alaba dokumentalaren proiekzioa ikusteko aukera izanen da Doneztebeko Zineman, Erreka elkarteak, Doneztebeko Udalaren laguntzarekin antolatua. 

 

2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bortz euskal mendizaleak omentzeko eta Suku Mayaren istorioa kontatzeko egin dute Pumori, mendiaren alaba, eta filmaren emanaldietako sarrerekin biltzen duten dirua SOS Himalaya elkartera bideratuko dute. 5 euro izanen da sarreraren kostua.

Proiekzio euskaraz izanen da eta gaztelaniaz azpititulatua egonen da. 

Pumori, mendiaren alaba filmak Aritz Artieda, Javier Arkauz eta César Nieto nafarren eta Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza gipuzkoarren istorioa kontatzen du, bertze bortz gazte euskaldunekin batera Pumori mendira egiten ari ziren espedizioan hil zirenak, elur-jausi baten ondorioz. Urte baten ondotik, haien senitartekoak ezbeharra gertatu zen lekura joan ziren. Arantxa Gurrutxaga eta Peio Arruek haien semea zen Beñatek haur nepaldar batekin ateratako argazki bat eraman zuten hura ezagutzeko asmoz. Gurrutxaga-Arrue familiak neskatxa aurkitu zuen, Suku Maya, sherpen hiriburua den Namche Bazar herritik hurbil, eta urtez urte berekin zuten lotura estutuz joan zen. Duela bi urte egindako bisita batean, haurra jada gaztetxo bat zelarik, osasun arazoak zituela ikusi zuten. Hurrengo urtean, tramite burokratiko guztien ondotik, gaztea Aizarnara ekarri zuten, Gipuzkoara, giltzurrunen gaitz batetik operatua izateko. Gaur egun, giltzurrun transplante baten zain dago Suku Maya.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun