Joare soinuak somatzen hasiak dira Aurtitz, Ituren eta Zubietan

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 25a, 06:30

Astelehenean hasiko dira joaldunen harat-honatak.

Egunotako puska biltzeen ondotik, astelehenean Iturenen bilduko dira joaldunak eta mozorroak eta asteartean Zubietan

Inauteriak gain-gainean ditugu eta Ituren, Aurtitz eta Zubietan joare soinuak somatzen hasiak dira. Ortzegunean puskak bildu dituzte etxez-etxe Ituren eta Aurtitzen, baina Zubietan, igandean aterako dira lehen aldiz puxkak biltzera. Hala ere, astelehena eta asteartea izaten dira egun haundiak, eskean ez ezik joareak eta mozorroak ere desfilean ibiltzen direnak. 

Ilbeltzak 28, astelehena

Goizean, gosaldu eta indarrak harturik, Zubietako joaldun, mozorro eta karrozek iturendarrak bisitatuko dituzte. Halere, bide erdian, aurtiztarrekin elkartzeko eta salda beroa hartzeko geldialdia eginen dute. Iturenen bertakoekin bildurik, mozorro artean eta joareen soinupean ibiliko dira herritar eta bisitariak.

 

Ilbeltzak 29, asteartea

Bezperako bisita itzuliko diete aurtiztar eta iturendarrek, Zubietako plaza hankaz goiti paratzeko momentua izanen da.

 

Ilbeltzak 30, asteazkena

Zubietan, Ituren eta Aurtitzen ez bezala, kontuak egiteko eguna izaten da. Goizean goiz, puskak biltzen ibili ondotik, gosaria izanen dute. Bazkaldu ondotik, berriz, kontuak eginen dira. Arratsaldean, giroak lagunduz gero, joareak jantzi eta harat honatean ibiliko dira joaldunak. Aurtiztar eta iturendarrak ere, etxez etxe ibiliko dira joaldun eta trikitilariekin. Iluntzean, afariak izanen dira elkarteetan.

 

Otsailak 2, larunbata

Kontuen eguna larunbatean izaten da Iturenen eta igandia Aurtitzen. Iturenen mahaiaren bueltan bilduko dira, Miren Amuriza eta Julio Sotorekin, Herriko Etxe-ko ganbaran. Aitzinetik herriko dantzarien saioa eta herritarren arteko Herri Kirol lehia izanen dira. Bazkaldu ondotik, dantzaldia izanen dute, afarira bitarte. Aurtizen xaharren afaria eginen dute igandean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun