Urtez urte inauterietako bizipenak aldakorrak izan dira iturendarrarentzat: «inauteriek inprobisatzeko aukera handia ematen dute eta horrek momentuak bakarrak izatea ahalbidetzen du». Modu batera edo bertzera biziagatik, «astelehena» beti da berezia Elizalderentzat: «goiza, mozorrotzeko momentua, bazkaria, arratsaldean arkupeetan izaten den giroa… ezinhobeak dira».
Aunitzentzat inauteriek erritmo jakina dute, joaldunen pausoak markatua. Halere, ezin erran daiteke Zubieta, Aurtitz eta Iturengo inauteriak horretara mugatzen direnik, badute bertze berezitasun bat: «gure herrian disfrazatu ordez mozorrotu egiten gara, bertzela erranda, zomorrotu egiten gara». Bi aukerak muturrekoak dira: «joaldunek arau batzuk errespetatu, jantzi jakina paratu, ibilbide zehatza egin… behar izaten dute. Nik batere araurik ez dagoen jokoan sartu eta mozorratzea dut gustuko».
«Gero eta gehiago» gustatzen zaio. Hortaz, azken urteetan «ia egunero» mozorrotu izan da. Ideia gogoratzen zaidanean «joan eta prestatu» egiten du: batzuetan «ordu ttikietan lagunekin elkartu eta lau trapu hartuta» eta bertzeetan «bakarrik». Halere, «goitik beheiti berdin-berdin mozorrotzea ez dut gustuko»ª. Jantzi bat edo bertzea hartuz ongi tapatu eta «azpian nor dagoen ez erakustea izaten da gure jokoa».
Orokorrean «aglomeraziorik gabeko» bestak nahiago baditu ere, herriko inauteriei «momentu jakin batzuetan jendea falta zaiela» iruditzen zaio. Dena dela, bisitariek ikusi ordez inauteriak bizi egin beharko lituzketela uste du. Hortaz, bertaratzen direnei «antzerkian parte hartzeko eta mugikorrak momentu batez sakelean sartzeko» deia luzatu nahi izan die.