Xanti Uterga Master txapelketaren finalean izanen da

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 21a, 07:14

Larunbateko partida ikusgarrian 30-25 irabazi zion Barrenetxea IV.ari 

Xanti Uterga izanen da Urrizaren arerio Master txapelketaren finalean. Doneztebarrak 30-25 irabazi zion larunbateko finalerdian Barrenetxea IV.ari. Utergak eta Urrizak jokatuko dute master txapelketaren finala urtarrilaren 26an Galarretan.

Partida polita eskaini zuten larunbatean Galarretan. Uterga hasieratik agintzen hasi zen eta 6-1 eta 12-6 irabazten. Baina Barrenetxea ere jokoan sartu zen eta 14-16 irabazten ere jarri zen hernaniarra, 2-10eko partzialaren ondotik.

Bi pilotariak bere onena ematen ari ziren, baina hemeretzinako berdinketaren ondotik, Utergak egin zuen aitzinera eta sakez egindako hiru tantori esker 7-0ko partziala egin, 26-19 agintzen jarri zen. Zazpi tantoko aldeari eutsi zion 27-20 eta 28-21ekoaren ondotik, baina Barrenetxeak lau tanto segidan egin zituen berriz ere partidan sartzeko (28-25). Ez zen gehiago hurbildu, azken bi tantoak Utergak egin baitzituen.

Doneztebekoak 20 tanto egin zituen piloteoan eta zazpi sakearekin. Piloteoan bi huts egin zituen eta sakez ere bi falta egin zieun. Barrenetxeak hamar tanto egin zituien piloteoan eta hamabi sakearekin.

Gauzak honela, finalerdian Endika kanporatu zuen Urrizak eta Xanti Utergak jokatuko dute finala urtarrilaren 26an, larunbatean Galarretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun