07:00 aldera hasi ziren joare soinuak herrian. Lehenik Mendrasa eta Aurkidiko baserrietara egin zuten bisita eta 09:00 aldera herrira bueltatu ziren. Etxez etxe joareak astiduz eskean ibili ondotik, Amezti eta Azkotako baserrietara joan ziren eta 15:00etan akitu zuten eskea. Goizean 4-14 urte bitarteko 30 lagun herrian barna ibili ziren.
Ilunabarrean herriko joaldunak Doneztebeko erregeen kabalgatara joan ziren eta ondotik, Herriko Ostatuan, Errandonean eta estalpean afariak izan zituzten. Azken horretan, bertaratu ziren 45 lagunek Irazu eta Gaztelumendiren bertsoez gozatzeko aukera izan zuten.
Goizaldeko 03:15 aldera, berriz ere, joare hotsak hasi ziren. Helduek lekukoa hartu eta gerriak astintzeko baliatu zuten. Beste urte batez, herritar guztiendako egun gustagarria izan da errege bezpera.