Uste baino errazago irabazi dute txapela Utergak eta Azpirozek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urt. 2a, 08:34
Uterga eta Azpiroz txapeldun eta Endika eta Juanenea txapeldun orde, binakako erremonte txapelketan.

Endika eta Juanenea saldiastarrek ez zuten beraien egunik onena izan eta 27 tantotan gelditu ziren abenduaren 29ko binakako erremonte txapelketaren finalean 

Xanti Uterga doneztebarra eta Uitziko Azpiroz dira erremonteko binakako txapeldun berriak, abenduaren 29an Galarretan jokatutako finalean 27-40 irabazi baitzieten Saldiasko Endika Urrutia eta Aritz Juaneneari.

Urdinen garaipena espero baino errazagoa izan zen eta emozioa falta izan zitzaion finalari. Uterga eta Azpiroz indartsu hasi ziren eta Endika eta Jueneneari kosta egin zitzaien jokoan sartzea. Honela, urdinak 2-15 aitzinetik jarri ziren aitzinetik eta gorriek ezin izan zioten buelta eman horri. 12-31 ere aitzinetik izan ziren Uterga eta Azpiroz. Dena galduta ikusitakoan, jokoan sartzen hasi eta hamar tantora hurbildu zen Saldiasko bikotea (27-37),  baina azken hiru tantoak egin eta txapela jantzi zuten Utergak eta Azpirozek.

Utergak 21 tanto egin zituen eta gainera, berak eta Azpirozek hiru pilota bakarrik galdu zituzten. Endikak eta Juaneneak, aldiz, hamabi tanto galdu zituzten. Dudarik gabe, urduri aritu ziren.

Xanti Utergak, bere laugarren txapela ez ezik, txapelketako aurrelari onenaren saria eskuratu zuen. Barrenetxea IV.a izan da atzelari onena.

 

Xanti Uterga: «Zentratuak sartu gara partidan»

 «Finalak irabazteko daude eta zorionez, binaka jokatu ditudan lauak irabazi ditut. Txapel guztiak bereziak dira eta hau ere bai. Bertze ume baten esperoan gaude eta ongi ospatuko dugu. Arras kontent nago. Finalean zentratuak sartu gara, urduritasunik gabe, pilota ongi kokatuz eta beraiek ez dute bere maila eman. Alde batetik ez diegulako utzi, baina nerbioek ere izan dute zerikusia».

 

Azpiroz: «Hasierako errentak mesede handia egin digu»

«Ongi izerdituta sartu naiz partidan eta urduritasunak aldagelan utzi ditut. Eroso aritu naiz. Azkenean kosta egin zaigu, baina hasierako abantailak lasaitasuna eman digu gure jokoa egiteko. Nere lehen txapelketa zen eta ez nuen txapela lortzea espero».

 

Endika: «Kosta egin zait partidan sartzea»

“Beraiek ez dute hutsik egin. Utergak aunitz jokatu du, azken aldian egin ohi duen bezala, eta inoiz ez dugu aukerarik izan. Partidan sartzea kosta egin zait eta hor alde egin digu finalak. Juanenea urduri egon da eta nik ez dut nere maila eman”.

 

Juanenea:«Gailurra egitea falta izan zaigu»

«Bizpahiru pilota garbi galdu ditut hasieran eta alde egin digute. Nerbioekin nahi eta ezin ibili gara. Nere lehen txapelketa izan da eta finalera ailegatzea pozik egoteko modukoa da, baina orain ez dut behar bezala baloratzen, final kaxkarra jokatu eta gero. Hiru mendi igo ditut, baina ez dut gailerru egitea lortu. Heldu den urtean ere hemen egotea espero dut. Finalaren esperientzia bizitzea izugarria izan da neretzat, familiarentzat eta nere inguruarentzat».

Erlazionatuak

Xanti Uterga binakako txapeldun!

Xorroxin irratia 2019 urt 02 Malerreka   Doneztebe

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun