Esther Garro jostunak jaso du Santa Luzia eguneko Zilarrezko Titarea Donezteben

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 13a, 12:43
Esther Garro, Judith alabarekin, Zilarrezko Titarea jasotzeko prest Donezebeko eliz-atarian. Argazkia: Alicia Del Castillo

Igandeko ferian salduko diren liburuekin lortutako dirua MPS eritasunaren ikerketarako izanen da

Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu dute Donezteben abenduaren 13an. Aurten ere ospakizuna bi egunetan banatuko da. Ortzegunean, Doneztebeko Udalaren izenean, Malu Alvarezek egindako Zilarrezko titarea eman diote Doneztebeko Ibarburu baserrian jaiotako Esther Garro jostunari, meza ondotik eta gero luntxa ere eskaini dute. Igandean feria eguna izanen dute.

 

Igandean 10:00etatik 14:00etara Santa Luzia plazan eginen den eskulangileen erakusketan eta salmentan Jose Luis Olaizola (heraldika, grabatuak), Malu Alvarez (zilarra), Santiago Hualde (kaikuak), Fausti Juanikorena (ehunak), Ahinitz Gerrikagoitia (jantzi-osagarriak), Joxepa Loiarte (taloak), Mari Mar Torres (kosmetika naturala), Lourdes Goñi (etxeko gozogintza), Goreti Alzuri (laktantziako produktuak), Joxe Mikeo (bitxikeriak eta ttuntturruak), Jose Mari Latasa (egurra), Aitziber Erasun (maitagarriak) eta Mª Angeles Mendiberri (bitxikeriak, eguzkiloreak…).

Udalak antolatuta, liburuen salmenta ere izanen da. Biltzen den dirua MPS (Mucopolisacaridosis) gaixotasunaren ikerketarako izanen da. Egunean zehar Eguberri tailerra eta Eguberrietako postal lehiaketa izanen dituzte. 10:00etatik aitzinera gaiteroak ibiliko dira herrian barna. 11:30ean herrigunean ‘Letrekin Dantzan’ ikuskizuna Haizea Loirarekin. 16:30etik 18:00etara zozketa izanen da, Doneztebarrak elkartearen eskutik eta ondotik txokolatada, Ekiñe eta Iratiren musikarekin alaitua.

 

Ibarburuko Esther Garrori Zilarrezko Titarea

Erran bezala, ortzegun goizeko mezaren ondotik Zilarrezko Titarea eman dio Leire Ortuoste zinegotziak, Udalaren eta herriaren izenean, Esther Garrori.

Duela 74 urte, 1944ko abuztuaren 28an jaio zen Doneztebeko Ibarburu baserrian Esther Garro Iparragirre, Jose sunbildarraren eta Silvia argentinarraren alaba. 9 anaia-arreba (3 neska eta 6 mutiko) zituen familian  sortua, eta hezia. Hainbertze senide, izanda, betebehar anitz ziren, kanpoan, nola etxe barrenean ere. Lan horiek eskolako lanekin batera uztartu eta bete behar izan zituen. Txikitatik,  amari begira, eta amarengandik ikasita, josteko zaletasuna piztu zitzaion. Gauean, amaren ondoan ordu franko pasa zituen eta Silviak josten erakutsi zion, baina, batez ere, lanbide honekiko maitasuna. Horregatik ama miresten du, umeengana ailegatzeko ahalmena zuelako eta josteko ahalmena zuelako.

Etxetik atera baino lehen, bere trebakuntza poliki-poliki garatu zuen Esther Garrok. Espartinak hartuta, sandaliak egiten zituen eta bere panpinei ere soineko zoragarriak egiten zizkien. Eta goi-mailako jostunen moduan, soinekoei kan-kanak egiten ere ikasi zuen.

15 urterekin Doneztebeko Carmen Elizalderekin gauza gehiago ikastera joan zen. Eta ‘Neskatoak’ dokumentalean ageri den bezala, Estherrek ere Frantziako bidea hartu zuen. Lehendabiziko Lourdes, gero Getaria (Lapurdin) eta ondoren, Parisera. Haurzain aritu zen baina patroiak eta oihalak erosiz, bere lantxoak ere egin zituen.

Frantzian 12 urte  pasatu ondoren, 28 urterekin, Elizondora ezkondu zen eta bi seme-alaba izan ditu, Judith eta Rauk, baina josten jarraitu zuen Iruñeko etxe batendako. Denborarekin  Doneztebera bizitzera etorri zen familia.

 

Zilarrezko Titareak

Urtez urte, hauek izan dira Zilarrezko Titarea jaso dutenak Doneztebeko Udalaren eskutik:

Maria Eraso (1999)

Patxi Astiz (2000)

Mari Carmen Elizalde (2001)

Virtudes Etxebeste (2002)

Pepita Apeztegia (2003)

Pakita Andiarena (2004)

Mariela Olaizola (2005)

Angeles Buenetxea (2006)

Maria Teresa Mindegia (2007)

Loli Ostolaza (2008)

Mari Cruz Arregi (2009)

Maria Dolores eta Mercedes Sarratea (2010)

Maria Jesus Elizondo (2011)

Esther Pascal (2012)

Enrique Taberna (2013)

Blanca Bañares (2014)

Ixabel Juanikorena (2015)

Pili Mindegia (2016)

Karmentxu Mariezkurrena (2017)

Esther Garro (2018)

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun