Malerrekako Hamaikakoa
Hamaikakoa erabakitzeko batzordekideek 40 lagun baino gehiagoko zerrenda bat osatu zuten eta hortik poliki-poliki, 11 lagunetara mugatzea lortu zuten. Batzuk bertan jaioak, bertzeak ez, batzuk ahobiziak bertzeak belarriprestak baina modu batean edo bertzean guztiak Euskaraldian hartzeko prest daudenak dira. Adin, arlo, genero, herri... aldetik anitza eta osatua da.
JON TELLETXEA: Beintza-Labaiengo alkatea izateaz gain, Malerrekako Mankomunitateko lehendakaria ere bada. Dakizuen bezala, Mankomunitatean herritarrendako hainbat zerbitzu eskaintzen dira: euskara, zaborra, landa garapena eta gizarte zerbitzuen kudeaketa hain zuzen ere. Euskaraldia dela eta, azpimarratu behar dugu Euskara Zerbitzuak egin duen lana, euskaraldia antolatzen dabilen batzordearen haria eraman baitu. Akitzeko, Euskaraldian Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten 13 herriek parte hartuko dutenez, udal-hautetsi guztien izenean heldu zaigu Jon, udalek euskararekiko erakutsi duten konpromisoa erakutsiz.
PAKITA MIKELARENA: Arkupeak jubilatuen elkarteko juntako kide da legasar hau, Legasako delegatua ere dugu. Pakita, gure beteranoetakoa, belaunaldi baten ordezkari dugu. Pakitak ederki daki eskolan txikitan nola debekatzen zioten euskeraz aritzea eta horregatik zenbat sufritu zuen ere kontatzen du. Pakitak genero diskriminazioa ere nozitu zuen. Bera izugarri azkarra zen baina emakumezkoa eta gainera familia apalekoa. Eta ondorioz, bizitza borroka txikiak irabaziz bizitu du, hori bai baikortasunez. Nekaezina, Malerrekako herriz herri ogia banatzen zuen ahobizi alaia izanda. Gaur egun, erretiroaren gozamenari esker, denbora badu abesbatzan kantatzeko, bilobei bere kantak eta esamoaldeak kontatzeko, idazteko (aurkepak antolatutako sarietan bertso eta narrazio sariak eskuratu ditu). Xorroxin irratiko esataria ere dugu eta ahozko transmisioan ere hamaika ekarpen egin ditu, Xaldun Kortinen lanean ederki agertzen den bezala.
MAITE LAKAR: Irakaslea, filologoa eta Euskaltzain Urgazlea. Maitek belaunaldien arteko zubiak eraiki ditu, adineko pertsonen bizimodua, ohiturak eta hizkuntza bera bildu eta gazteagoen esku utzi ditu. Malerrekako ahozko ondarea biltzen urte asko pasa ditu eta bildutakoa Malerreka Solasean edo Xaldun Kortin liburuetan eta Malerreka. Maldan goiti eta beheitiko kontuak. Erreka bazterreko kantuak DVDan ikus dezakegu. Gaur egun ama eta irakasle jardueretan euskararekiko maitasuna lau haizeetara zabaltzen du.
CARLOS OSTIZ: bertako merkataria. Bere saltoki familiarra Malerrekan erreferentea izan da eta, seguraski, etorkizunean ere izanen da. Arrunt ongi baloratzen da Euskaraldia bezalako ariketa honetan eguneroko erosketetan Carlosen jarrera. Gainera, kamararen aitzinean aktore bikaina dugula ere erakutsi digu eta berak dioen bezala: belarriprest topatuko dugu bere dendan sartzean.
OLATZ GARMENDIA: Azpeitian jaio zen eta 15 urtera arte mojekin eskolan ibili zen. Gero, denda batean eta irakaskuntzan lan egin ondotik, moja etorri zen 19 urterekin Donamariako karmeldarren komentura. Bertako jendearendako erreferente garrantzitsu dira, eta harreman ezin hobea dute denekin. Hala ere, Donamariako jendearekin duten hartu-emana berezia da eta horren adibide dugu Donamariako besta eta inauterietan herritarrak egiten dieten bisita. Akitzeko, klausuran bizi arren gaur egungo bizira ezin hobe egokitzen jakin dutela ere ukaezina eta azpimarragarria da.
ANDREW SMITH: Oxforden jaio zen eta erretiroa hartu zuenean emaztearekin Zubietara etorri zen bizitzera. Ordutik, Malerrekako IKA euskaltegian eta Solaslaguna Egitasmoan euskara ikasi eta praktikatzen dabil. Aktore lanetan ere trebea dugu, izan ere, Musutruk filmaren protagonistako bat izan da.
MAIDER PETRIRENA: sunbildar hau gure eskualdean anitzek egiten duten bezala, bere herriko berriak biltzen eta partekatzen ditu Xorroxin irratian eta baita Ttipi-Ttapa aldizkarian ere. Horrez gain, Sunbillako Ulibeltzak elkarteko kidea da eta herriko abesbatzan abesten eta kaleak txistuz alaitzen ere ikusiko dugu.
IKER GOROSTERRAZU: iturendar gazteak ttikitatik izan du bertsolaritzako zaletasuna eta gaur egun hainbat bertso-eskolaren ardura du, tartean, bigarren urtez Malerrekan sortu den helduen taldearena. Horrez gain, Euskaraldia antolatzen ari den batzordeko kideetako bat ere bada. 600 ikustaldi baino gehiago izan duen bideotako protagonista dugu eta, aizue, ahobizi edo belarriprest izatera zeinen ongi animatu gaituen.
JAIONE ARIZTEGI: urroztar gaztea euskal ikasketak egiten dabil. Herritar gisa heldu da hamaikakora, beraz, euskaraldian izena eman duten gehiengoaren isla dugu. Pakita eta Maider bezala, Urrozko berriak idazten ditu Ttipi-Ttapan, eta aipatu behar dugu Euskaraldia zabaltzen lagundu diola Malerrekako lan-taldeari, beraz esker mila euren izenean!
ANGEL MARIEZKURRENA: eratsundarra. Txikitatik etxean eta herrian kantuak entzunda sortu zitzaion euskal kantuen inguruko zaletasuna. Aurten Kantu zaharren 14.ekitaldia antolatu du eta urtetik urtera arrakastatsuago izatera iristen da. Duela 14 urte kantu zaharren inguruko lehenengo ekitaldia antolatu zuenetik Euskal Herri osoan dabil kantuen inguruko mahai inguruak, kontzertuak etab. antolatzen.
AINHOA LEIZA: Doneztebeko 17 urteko gaztea dugu. Ainhoaren atzean Malerrekako 16 urtetik hasita, Euskaraldian parte hartuko duten gaztetxoen ekarpena ikustarazi nahi dugu. Ainhoa Batxillergoko ikaslea dugu, eskubaloian aritzen da eta dantzaria ere bada. Bere eguneroko jardueran, harremanak, parrandak, kirol entrenamenduetan… euskaraz egiten duen ariketa goraipatu behar dugu. Etorkizunari itxaropen, freskotasun eta baikortasunez begiratzeko aukera dugu, mila esker Ainhoa. Ahobizi ezin hobea!
Kike Amonarrizen hitzaldia
Ondotik, Kike Amonarrizek hartu zuen hitza. Euskara munduko hizkuntzekin alderatuz hasi zuen hitzaldia, euskaldunek «egoera uste baino hobea» dela ikusaraziz. Hainbat datu plazaratu zituen:Bernart Etxepareren laneko aiputik hasi eta euskararen ezagutza datuetaraino (D ereduaren gorakada, eremu mistoko, euskalduneko eta ez euskalduneko datuak, Malerrekakoak). Segidan, euskararen ezagutzatik erabilerarako jauzian eragiten duten faktoreez hausnartzeko aukera izan zuten, egungo egoera bidegurutze horrekin alderatuz. Euskaraldiaren beharra azpimarratzearekin bat, inertziak sortzeko herri euskaldunek berebiziko garrantzia dutela gaineratu zuen, «sua» hortik hedatuko delako.
Txapak jasotzeko aukera ferietan
Ekitaldia borobiltzeko, mokadutxo bat jan bitartean, izena emateko mahaia jarri zuten eta dagoeneko izena emana zutenei txapak banatu zizkieten. Dagoeneko Malerrekan 400 lagunek eman dute izena. Dena dela, momentuan hartu ez zutenek azaroaren 16an, ortziralean, izanen dute aukera.
Azaroaren 24an Mintzodromoa eta ekitaldi gehiago
Euskaraldiari hasiera emanen diogu Mintzodromo batekin emanen zaio. Gainerako egunetan ere bertzelako ekitaldiak izanen dira. Ekitaldien berri izan ahala, informazioa erran.eus atarian kontsultatu ahal izanen duzue.