Oizko bi taldeak txapeldun suertatu dira gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketetako finaletan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ira. 10a, 07:05
Gazte eta gaztetxoek laxoa txapelketako finalista, sari banaketaren ondotik.

Doneztebeko taldeei nagusitu zaizkie irailaren 8ko Oizko plazan jokatutako finaletan

Oizko bi taldeek, iaz gertatu zen bezala, irabazi dute gaztetxoen eta gazteen laxoa txapelketa. Bi finalak Oizko plazan joan den larunbatean jokatu ziren eta herriko bestak zirela eta, plazan sortutako giroa hagitz polita izan zen. Gainera, arratsaldea eta besta borobiltzeko herriko taldeek txapelak lortu zituzten.

 

Jaime Urrozek, herriko alkateak, banatu zituen txapelak eta sari guztiak finaletan parte hartu zuten jokalari guztiei.

Oizko gaztetxoen taldean aldaketa bat izan zen. Markel Leatxe izan den jokalari titularrak ezin izan zuen finala jokatu gaixorik zegoelako eta bere partez Uxue Ilarregi aritu zen. Neska hau aurreko urtetan jokatu zuen txapelketako partida bat edo bertze, baina oraingoan finala jokatu eta txapela irabazi du. Berak hartu zituen animo eta txalorik handienak.

 

GAZTETXOEN FINALA

Oiz – Doneztebe C: 9 - 3

Oiz: Xuban Ilarregi – Mikel Mikelarena – Aimar Ariztegi – Uxue Ilarregi.

Doneztebe C: Oier Apezetxea – Markel Jabalera – Jokin Arozena- Julen Pikabea.

Markagailua: 0-1, 4-1, 4-3, 9-3.

Iraupena: Ordu bat eta erdi.

Partidaren lehenbiziko zatia nahiko berdintsua suertatu zen, bai jokoan baita markagailuan ere. Gero, etxekoak indar gehiago erakutsiz eta plaza hobe ezagutzen zutelako nagusitu ziren. Nahiz eta markagailua argia izan, borroka handia ikusi zen plazan (partidaren iraupenak halaxe adierazten du). Ikusleek jokalari guztien ilusioa eta joko maila ona biziki txalotu eta eskertu zuten.

 

GAZTEEN FINALA

Oiz – Doneztebe A: 9 – 4

Oiz: Ioritz Zelaieta – Aimar Saldias – Zorion Zelaieta – Jon Oiartzabal.

Doneztebe A: Aimar Jabalera – Iñigo Belarra – Oier Aldabe - Mikel Tajadura.

Markagailua: 2-0, 2-2, 6-2, 6-4, 9-4.

Iraupena: Ordu bat, 40’

Aurreko partidan gertatu zen bezala, nahiz eta oiztarrak beti aitzinean ibili, finalaren hasmentak ematen zuen azken markagailua estuagoa izanen zela. Baina 6 eta 4tik akitu arte etxeko laukotea aise hobe aritu zen. Dena den, aurten Oizko jokalari batzuk aritu diren bezala, bi taldeetako jokalariek datorren urtean handien txapelketan parte hartzeko prest daudela erakutsi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun