Atutxa II.a eta Txikia II.a nagusitu dira Sunbillako XVII. Ramon Latasa Sarian

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 13a, 13:20
Ramon Latasaren omenez hamazazpigarren aldiz egindako lehian parte hartutakoak. Argazkia: Jose Mari Telletxea

Aizkolari beteranoen arteko lehia ikusgarrian, Arrospidek eta Arria II.ak irabazi zieten Mindegia eta Astibirari

Aitzol Atutxa II.a eta Julen Alberdi Txikia II.a nagusitu ziren abuztuaren 11n Sunbillan, Ramon Latasa zenaren omenez hamazazpigarren urtez antolatutako aizkora sarian. Irabazleek 28 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten hamar kanaerdikoak eta sei 60 ontzakoak mozteko.

 

Larrañagak eta Mugertza gipuzkoarrek 30 minutu eta 32 segundo behar izan zituzten eta bigarren gelditu ziren; hirugaren, Iker Vicente eta Donato Larretxea aranztarra gelditu ziren (32:02) laugarren Joseba Otaegi eta Jon Rekondo leitzarra izan ziren (33:10) eta bosgarren Xabier Orbegozo Arria V eta Ruben Saralegi.

 

Beteranoen arteko aizkora lehia ikusgarria

Proba nagusia izanagatik, ez zen hau Sunbillako pilotalekua lepo bete zutenek ikusi zuten apustu bakarra. Izan ere, 750 lagun sartu ziren frontoian, ia baino 221 gehiago. Ikusminik handiena, beharbada, garai bateko aizkolari beteranoek sei kanaerdikoetara eskainitako desafioa izan zen. Alde batetik, Angel Arrospide eta Arria II.a gipuzkoarrak, 62 eta 72 urtekoak; bertzetik, Ezkurrako Mikel Mindegia eta Leitzako Patxi Astibia leitzarra, 69 eta 75 urterekin. Laurek lan ederra egin zuten, baina azkenean, gipuzkoarren “gaztetasuna” (134 urte bien artean, nafarrek berriz  hamar gehiago) nagusitu zen. Gipuzkoarrek 12 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten lana burutzeko eta nafarrek 13 minutu eta 54 segundo.

Txinga eramaten egindako marka ahaleginetan ez zen suerterik izan, frontoiko bero handiarengatik eta hezetasunarengatik ez baitzen erraza txingak ongi eustea. Xanta Sousa lesakarra 50 kiloko txingekin aritu zen eta bortz plaza eskas egin zituen. Ousmané Drame bizkaitarra, berriz, ehun kiloko txingekin aritu zen eta Munduko errekorretik 12 metrora gelditu zen: 3 plaza eta 17,53 metro egin zituen.

Erlazionatuak

Ramon Latasa Saria 2018

Ttipi-Ttapa 2018 abu 13 Malerreka   Sunbilla

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun