Doneztebe txapeldunorde izan da Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko uzt. 11a, 13:32
Doneztebeko taldea txapeldun orde izan da Nafarroako Herriartekoan.

Iruñeko taldearen kontrako finalean bina partida irabazi zituzten, baina sei tanto gehiago egin zituzten hiriburukoek

Zazpi tantoren aldeagatik ez du lortu Doneztebek Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa hirugarren urtez segidan irabaztea. Uztailaren 8an jokatu zuten finala Labriten, Iruñeko taldearen kontra. Bina partida irabazi zituzten baina hiriburukoek sei tanto gehiago egin zituzten.

 

Finaleko emaitzak

Alebinetan, Doneztebeko Agestak eta Santestebanek 2-18 galdu zuten Iruñeko Recalde eta Sanchezen kontra.

Infantiletan, aldiz, Doneztebeko Illarregik eta Mikelarenak 18-3 irabazi zieten Iruñeko Sarasibar eta Larrainzarri.

Jubeniletan, Doneztebeko Telletxea eta Agirrek 9-22 galdu zuten Iruñeko Mata eta Santamariarekin eta emaitza horrek, txapela lortzeko aukera aunitz zaildu zion Donezteberi.

Izan ere, seniorretan irabazteaz gain, 8 tanto baino guttiagoan utzi beharra zituzten Doneztebeko Salaberriak eta Gorritik, Iruñeko Canabal eta Cordon. Ezinezkoa izan zen. 10-2 irabazten izan ziren Doneztebeko ordezkariak eta itxaropen pixko bat piztu zuten. Baina Canabal igantziarra jokoan sartu eta 13-12ra hurbildu ziren (txapela Iruñearentzat zen dagoeneko). Azkenean 22-14 irabazi zuen Doneztebek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun