Koteto Ezkurrak erremontea utziko du irailaren 29an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko eka. 11a, 15:38

Koteto Ezkurrak erremontea zintzilikatuko du irailaren 29an. Argazkia: Maialen Andrrs

Doneztebarrak 28 urte eman ditu profesionaletan, eta buruz buruko hamaika txapel eta binakako bortz irabazi ditu 

Koteto Ezkurrak erremontea utziko duela iragarri du ekainaren 11n, astelehen eguerdian Hernaniko Galarreta pilotalekuan egindako agerraldian. Doneztebeko aurrelari handiak 44 urte ditu, baina irailaren 29an Galarretan jokatuko duen hondarreko partidan behin betiko erremontea zintzilikatu baino lehen, 10-15 bat partida jokatzeko asmoa du.

 

Koteto Ezkurra historiako erremontelari onena dela uste dute adituek, Jesus Abregorekin batera. Aita zenak bultzatuta, oraindik 17 urte egin gabe zituela 1990ean debutatu zuenetik, 28 eman ditu profesionaletan. Buruz buruko 11 txapel irabaziak ditu, inork baino gehiago, eta binaka bortz lortu ditu.

 

«Gustatuko litzaidake Patxi Zeberio lagun handiaren kontra jokatzea azken partida»

Azken aldian lesioekin lanak izan ditu Koteto Ezkurrak eta horrek erretiroa hartzeko erabakian izan du zerikusirik. «Joan den urtean ere pare bat aldiz pasatu zitzaidan burutik. Kantxa barrenean beroa naiz, dena ematen dut eta bortxatzen nuenean hautsi egiten nintzen. Gorputzak gehiago ematen ez duenean, buruak ere huts egiten du. Ez nuen arrastaka ibili nahi. Orain, emaztearekin solastatu dut eta utzi beharra sentitzen banuen uzteko erran zidan. Hamar egun hartu nituen eta enpresari jakinarazi nion erabakia eta enpresak ulertu du erabaki hau».

Azken aldian Josetxo Ezkurra, Ezkurra II.aren botillero lanak ere egiten ditu eta etorkizunean pentsatu ez badu ere, «beti gustatu izan zait gazteei laguntzea eta ez dut aterik ixten».

Erremontearen egoerarekin ere kezkatua agertu da Ezkurra. «Ni hasi nintzenean, erremontea lehen mailako modalitatea zen, astero lau jaialdi antolatzen ziren eta mugimendu handia zeukan. Orain zuloan gaude eta laguntza behar dugu». Erremonteari dena eman diola aipatu du Ezkurrak hunkiturik, baina erremonteak den-den-dena itzuli diola onartu du. «Nire bizitza guztia erremontearen inguruan antolatu dut, bata bertzearentzako eginak gaudela uste dut», aipatu du doneztebarrak. Azken partida, beraz, irailaren 29an eginen du eta «espero dut nire bihotzeko lagunaren kontra, Patxi Zeberioren kontra izate»”.

Agurraren orduan, Zeberio bera eta Gaztelu leitzarra, lagun handiak izan ditu inguruan, baita enpresako bertze ordezkariak eta erremontelariak eta Tomas Rekondo lesakarra ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun