Egun osoko besta izanen dute Malerrekako Egunean Sunbillan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mai. 21a, 09:52
Malerrekako zenbait alkatea aurkeztu dute aurtengo ospakizuna. Argazkia: Alicia del Castillo

Maiatzaren 26an eginen dute eta herriko elkarte eta taldeak omenduko ditu Udalak 

Urroztarrei lekukoa hartuta, aldi honetan, Sunbillan ospatuko da Malerrekako Eguna. Heldu den maiatzaren 26an izanen da eta egun osoan ekitaldi saila izanen dira, ortziralean Malerrekako Mankomunitatean egindako aurkezpenean aipatu zutenez. Enaitz Iparragirreren aldeko pilota jaialdi ikusgarria ere antolatu dute, emakumezkoen eta gizonezkoen partidekin.

 

Aurkezpen ekitaldian, Amets Inda Sunbillako alkatearekin eta Pako Errandonea alkate izandakoarekin batera, Malerrekako bertze zenbait herrietakoak izan ziren: Ernesto Dominguez (Zubieta), Xanti Uterga (Doneztebe), Mari Jose Bereau (Ituren) eta Jon Telletxea (Beintza-Labaien)

Larunbatean 10:30ean harrera ekitaldia eginen dute plazan, eta herrietako ordezkariek egunari hasiera emanen diote. Ondotik, Sunbillako udalak omenaldia eskainiko die herriko talde eta elkarteei. Malerrekako musikariak ibiliko dira herrian barna.

11:00etatik 14:00etara artisauak eta talogileak plazan egonen dira eta 11:00etatik 13:00etara dantzariak ere plazan ariko dira. Abesbatzak ere emanaldia eskainiko du. 13:00etan buru-haundiak eta joaldunak ibiliko dira harat eta honat. 14:00etan paella jatea eginen dute Malerreka Kantuz-ek lagunduta.

Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara Malerrekako Mus Txapelketako finala jokatuko dute Ulibeltzak elkartean eta 16:30ean Muxikoak izanen dira plazan. 17:00etatik 18:00etara, haurrak izanen dira protagonista: txokolatada eta jokoak izanen dituzte eta buru-haundiak kalejiran ibiliko dira.

 

Enaitzen aldeko pilota jaialdia

19:00etan esku pilota partida ikusgarriak iragarri dituzte. Sarrera 10 euro kobratuko da, Enaitz Iparragirreren aldeko jaialdia izanen baita. Lehenik emakumeak ariko dira, Emakume Master Cup-en parte hartu duten lau pilotari, hain zuzen: Larabetzuko Jone Goiri eta Amezketako Maite Tolosa, Naroa Elizalde zubietarraren eta Orozkoko Gentzane Aldai-en kontra. Ondotik, gizasemeak: Titin III.a eta Aldabe, Elizalde eta Azanzaren kontra ariko dira. Beraz, garai batean punta-puntan ibili ziren beteranoen eta gazteen nahasketa.

20:30ean zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute. Ondotik, heldu den urtean Malerrekako Eguna antolatzeko lekukoa Ezkurrari pasako diote sunbildarrek. 21:00etatik 22:00etara Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da plazan eta 22:00etan herri afaria Ariztigain kanpinean. Herri afarirako txartelak Malerrekako Mankomunitatean, Sunbillako udaletxean eta Ariztigain kanpinean eskuratzen ahal dira. Gauerditik aitzinera Oharkabe ariko da plazan.

Aipatu behar da egun honetan Sunbillara mendi martxa ere antolatzen duela Malerrekako Gazte Asanbladak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun