Larunbatean ibilaldiarekin hasi zuten goiza, baina ibilbidez aldatu zuten. Gutti batzuk elkartu baziren ere bueltaxka egin ondoren Ulibeltzak elkartean bazkaldu zuten. Arratsaldean, berriz, bederatzi bikotek musean jokatzeko aukera izan zuten eta hamahiru lagunek, berriz, txintxonean. Ondorengoak izan ziren sailkapenak: Musean lehendabizikoak Agurtzane Zubieta-Maria Sarratea, bigarrena Mikel Arrieta-Josu Apeztegia, hirugarrenak Enaitz Portu-Erik Gartzia eta laugarrenak Julen Juankorena-Eneko Herrera. Txintxonean, berriz, txapelduna Iker Urroz; bigarrena Juana Mari Agirre; eta hirugarrena Teresita Agirre izan ziren. Haurrendako jokoak eta txokolatea ere izan ziren.
Santi Espelosinek irabazi zuen gazta lehiaketa
Igandean XI. artisau feria eta gazta lehiaketa egin zen. Goizean 10etik 14ak bitarte eta arratsaldean 16:30tik 19:30 bitarte 33 artisauen lan izugarriak ikusteko aukera izan zen. Horien artean aipatzekoa da herriko talogileak lan ederra egin zutela bertze urte batez. Horrez gain, zare eder baten zozketarako mila zozketa-txartel saldu ziren. Zozketa egin zen eta Jose Miguel Zelaieta izan zen irabazlea. Gazta lehiaketara aurkeztutako gazta erdi guztiak ere zozketatu zituzten. Zazpi gazta zeuden aurten lehian eta irabazlea, aitzineko urte batzuetan bezala, Xanti Espelosinen gazta izan zen. Bigarrena Koro eta Migelitok egindako gazta eta hirugarren saria berriz Pixarnekobordara joan zen. Zorionak denei.
Goiz partean, eguraldi txarra zela eta, herriko dantzarien emanaldia frontoian egin zen. Saio ederra eskaini zuten. Lerro hauen bidez parte-hartzaileak eta irakasleak eskertu nahi dira, egindako lanarengatik.