Herri galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketari ekinen diote Malerrekan eta Bertizaranan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko ots. 21a, 07:24

Aunitz Eskuetan Taldeak deituta, lehen ekitaldia larunbatean 18:00etan Doneztebeko Herrigunean eginen dute 

Aunitz Eskuetan Taldeak, Malerreka eta Bertizaranako Gure Esku Dagoren baitan sorturikoak, maiatzaren 6an herri galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketari ekinen dio hilaren 24an, larunbatean, Doneztebeko Herrigunean, 18:00etan. Jai giro eta pintxo artean bilduko dituzte sinadurak.

Ondotik, kultura demokratikoa eta erabakitzeko eskubidean sakontzea helburu duen talde horrek, «herri bat garelako eta erabakitzeko eskubidea dugulako» maiatzaren 6an paratuko ditu hautesontziak mahaietan, herriko plazetan eta herritar guztien esku, «etorkizunean zer nolako nahi dugun herria eraikitzeko».

Horrela bada, Malerrekan eta Bertizaranan eta bertze 18 herri eta eskualdetan ere, 111.000 lagunek herri galdeketaren olatuaren parte izateko aukera izanen dute, orain arte parte hartu duten  760.000 herritarrekin bat eginez. Informazio gehiago edota zehatzagoa nahi izatekotan, Twitter (@AunitzEskuetan), Facebook (Gure Esku Dago Malerreka) edota Instagram (Aunitz_eskuetan) bidez eskura daiteke.

Taldeak parte hartzeko deia egin du. Horretarako, etxez etxe esku-orriak banatzen hasi dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun