Victor Volodin eta Alex Txikon izanen dira protagonista Errekaren Mendiaren Eguna Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko abe. 13a, 08:17

Alex Txikonek Everesteko espedizioari buruzko ikusentzunekoa eskainiko du.

Abenduaren 16ko Victor Volodin errusiarraren eta abenduaren 17ko Alex Txikonen proiekzioetarako sarrerak salgai daude

Aurten berrikuntza nagusi batekin heldu da Doneztebeko Errekaren Mendiaren Eguna. Izan ere, bi jardunaldi izanen ditu abenduaren 16an eta 17an, bi mendizale handiren proiekzioekin: Victor Volodin errusiarrarena eta Alex Txikon bizkaitarrarena.

 

Larunbatean Victor Volodin

Abenduaren 16an, larunbatean, Victor Volodin mendizale errusiarra izanen da gure artean. Sobera ezaguna ez bada ere, gauza hagitz interesgarriak egin ditu mendiaren munduan eta "El Leopardo de las nieves" proiekzioa eskeiniko digu. 19:00etan izanen da hitzordua Doneztebeko Leku Eder Zineman.

Victor Volodin ez da alpinista mediatikoa, baina horrek ez du erran nahi puntakoa ez denik. Ikaragarrizko lorpenak ditu bere ibilbidean eta zerbait aipatzekotan K2-ko mendebaldeko pareta zuzena aipatuko dugu. Hau  errusiar expedizio indartsu baten partaide izanik ireki zuen 2007an, baita tontorrena ailegatu ere. Erran daiteke K2-ko igoera eleganteenak, gogorrenak eta zuzenenak "Magic Line" (hegomendebaldeko pilarea) eta "Mendebaldeko Aurpegia" direla eta bigarren honen konkistatzileetako bat da Volodin. "El Leopardo de las Nieves" izeneko emanaldia eskeiniko du eta izen horrekin nabarmentzen dira lehengo SESB (URSS)-eko bortz mendi altuenak igotzea lortzen dituzten alpinistak eta Victor horietako bat da. Hauexek dira mendi horiek: Comunismo (7495), Pobeda (7439), Lenin (7134), Korzhenevskaya (7105) eta Khan Tengri (7010) eta igoera horiei buruz izanen da emanaldia.

 

Igandean Alex Txikon

Abenduaren 17an, aldiz, aski ezaguna dugun Alex Txikonen txanda izanen da. Europan barrena izugarrizko arrakasta izaten ari den "Everest, un reto sobrehumano" proiekzioa eman du, 18:00etatik aintzinera Leku Eder Zineman. 

Txikonek ez du azalpen handirik behar denek ezagutzen dugulako orokorrean bere maila eta ibilaldia, baina aipatzekoa da, bertze guztien gainetik, iaz Everesten izandako erronka. Nanga Parbat lehendabiziko aldiz neguan igo ondotik eta iaz Doneztebera hori erakustera etorri eta gero, Everest aldera abiatu zen munduko mendirik altuena neguan eta oxigenorik gabe igo asmoz, hau da, sekula inork lortu ez duen balentria lortzen saiatzera. Izugarrizko indarra, kemena, ahalmena eta azkeneko indar gramoa eman ondotik etxera bueltatu behar izan zuen tontorrarik gabe. Baina ohartu zen, ongi ohartua, bere posibilidaden barrenean sartzen zela hau lortzea eta haizea zakarra, iragarpenak emandakoa baino aunitz zakarragoarengatik izan ez balitz Alex tontorreiano ailegatzeko aukera ikusi eta usaindu zuen. Horren adierazle izanen da eskeiniko duen emanaldia eta gainera aurten ere, ahal badu behinik behin, berriz saiatuko da erronka horri eusten. 

Emanaldi honen aitzinetik, igande goizeko 07:30ean mendi irteera abiatuko da autobus geltokitik. 12:30ean poteoa izanen dute eta 14:00etan bazkaria. Titi ostatuan apunta daiteke abenduaren 13a bitarte.

Bi proiekzioetarako sarrerak Doneztebeko Titi Ostatuan, Berako Errekalden eta Elizondoko Intzan daude salgai, 5 eurotan. Sarrerak bi jardunaldietara sartzeko eskubidea ematen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun