27 tantorekin aski zuen Utergak Banakako Kutxabank Torneorako finalerdietarako txartela lortzeko, baina horrez gain, irabazi ere egin zuen.
Ezkurra II.ak ere itxura ona eman zuen partidan. Ligaxkan ere txukun ibili da, eta aurkaritik hurbil partida guztietan, baina txapelketatik kanpo gelditu da hiru punturekin. Azken partidan, ez zizkion gauzak erraz utzi Utergari. Baina Ezkurra II.aren lau akats gakoak izan ziren azken emaitzan. Doneztebeko aurrelari gaztea markagailuan aitzinetik ere ibili zen, eta zenbat unetan Utergak baino hobeki jokatu zuen. Markagailuan 17-20 aitzinetik ibili bazen ere, gero 26-21 aitzinetik jarri zen Uterga, eta 28-27ra ere hurbildu bazen ere, azkenean ezin izan zion buelta eman markagailuari.
Pilotakada aunitzeko partida eskaini zuten bi doneztebarrek, berdindua, eta biek ere ongi jokatu zuten. 58 minutu iraun zuen partidak eta Utergak 18 tanto egin zituen piloteoan, saketik falta bat eta akats bat piloteoan. Ezkurra II.ak, berriz, 19 tanto egin zituen, baina lau akats egin zituen.
Partida honen ondotik, Uterga finalerdietan ariko da. Asteartean Urrizak eta Barrenetxeak jokatuko duten partidaren ondotik jakinen du zein izanen duen aurkaria. Partida honetako irabazlea finalean izanen da eta galtzaileak Utergaren kontra jokatuko du heldu den irailaren 2an.