Zenbait urtez garaile izan diren Aitzol Atutxa bizkaitarrak eta Ugaitz Mugertza gipuzkoarrak 32 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten eta bigarren gelditu ziren; hirugaren, Mikel Larrañaga eta Iñaki Azurmendi gipuzkoarrak gelditu ziren (34:12), laugarren Donato Larretxea aranztarra eta Jon Rekondo leitzarra izan ziren (34:28) eta joan den urteko txapeldunak, Xabier Orbegozo Arria V eta Joseba Otaegi, bosgarren izan ziren.
Proba nagusia izanagatik, ez zen hau Sunbillako pilotalekua lepo bete zutenek ikusi zuten apustu bakarra. Maika Ariztegi iturendarrak eta 88 urteko Julian Larrea bizkaitarrak aizkora apustu berezia egin zuten. Oinbikoa moztu behar izan zuten, Ariztegik bi eskurekin (emakume batek plazan neurri honetako enborra mozten duen lehen aldia) eta Larreak esku bakarrarekin. Azkenean, emakumea nagusitu zen eta iturendarrak 14 minutu eta 3 segundo behar izan zituen oinbikoa mozteko. Larreak 17 minutu eta 18 segundo behar izan zituen, baina txalo zaparrada handia jaso zuen, nahiko meritua baitu adin horretan halako enborra moztea.
Xanta Sousa lesakarra 75 kiloko txingekin aritu zen eta bi plaza eta 7 metro osatu zituen (63 metro denera). Duela bi urte 50 kiloko txingekin ezarri zuen marka Xantak Sunbillan eta orain, gizonek ere erabiltzen ez dituzten 75 kiloko txingak eraman zituen (emakumeak 25 kiloko txingekin aritzen dira txapelketetan eta gizonezkoak 50 kilokoekin).
Harrijasotzaileen arteko desafioa ere izan zen Sunbillan. Aimar Irigoien eta Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a aritu ziren, 125 kiloko zilindoarekin eta 112,5 kiloko kubikoarekin. Irigoienek bortz altxaldiko aldea atera behar zion Izetari bi harrien artean eta horixe lortu zuen.