Xanti Utergak eta Barrenetxea IV.ak irabazi dute Nafarroako erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko uzt. 31a, 11:01

Uterga eta Barrenetxea txapeldunak eta Urriza eta Etxeberria III.a txapeldun ordeak, sari banaketaren ondotikl

Zubirin uztailaren 30ean jokatutako finalean 35-28 irabazi zieten Urriza eta Joxe Etxeberria III.ari

Xanti Uterga doneztebarrak eta Barrenetxea IV.ak irabazi dute Nafarroako erremonte txapelketa. Uztailaren 30ean, igande arratsaldean Zubirin jokatutako finalean 35-28 irabazi zieten Urriza eta Joxe Etxeberria III.ari. Utergaren lana nabarmendu zen aitzineko koadroetan, 20 tanto egin baitzituen, huts bakarrarekin.

 

Zubiriko pilotalekuko harmailak gainezka zeuden eta Luzaideko Bolanteen dantza saioa ere ikusteko aukera izan zuten, ADANO elkartearen aldeko jaialdian.

Lehen partidan, Etxarri eta Garcések 30-8 irabazi zieten Barrikart eta Azpiroz-i.

Final nagusian, hasieratik hartu zuten aldea urdinek (0-5, 4-6, 8-15, 12-20). Uterga bikain aitzinean eta Barrenetxea fin lanean gibelean. Baina Urrizak eta Etxeberriak ere bikote bikaina osatzen dute eta lau tantura hurbildu ziren(24-28, 25-29). Ez zen aski izan markagailuari buelta emateko eta azkenean, Uterga eta Barrenetxea suertatu ziren txapeldun.

Sari banaketan, Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuko presidentea; Mikel Gastesi Esteribarko alkatea; Alfredo Arruiz, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioko patronatuko presidentea; Iosu Janices, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendari ordea; Sergio Murillo, Magnako ordezkaria eta Roberto Mercero, Telefónicako presidentea Nafarroan, izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun