Doneztebe Apeztegia izanen da laxoa txapelketako finalerdietako laugarren taldea

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 13a, 08:14

Arraiozko plazan jokatuko da larunbatean finalerdietako joaneko partida, Arraioz Sagardia eta Irurita Biek taldeen artean.

Finalerdietako joaneko partidak larunbat arratsaldean jokatuko dituzte

Baztan-Errekako XXXVIII. Laxoa txapelketako finalerdietako protagonistak erabakiak gelditu dira. Lau partidetatik hiru joan den asteburuan jokatu ziren eta laugarrena uztailaren 12an, asteazken arratsaldean. Doneztebe Apeztegiak bigarren partida ere irabazi egin dio Doneztebe The Moment-i.

 

Joanekoan 9-8 irabazia zuen Doneztebe Apeztegia taldeak eta itzulerakoan ere Doneztebe The Moment taldeari 6-9 irabazita lortu du finalerako txartela.Bi partidak estuak izan dira eta jende aunitz erakarri dute Bear-Zana pilota plazara. Bigarrengoan 2 ordu eta laurden aritu ziren pilotan.

Doneztebe The Moment (Pascual Vertiz – Julen San Miguel – Jose L. Arozena – Javier Vertiz) 6

Doneztebe Apeztegia (Jon Apeztegia – Ramontxo Etxebeste – Joseba Juanena – Iban Santesteban) 9

Marcador: 1-1, 2-2, 3-3, 5-3, 5-8, 6-8, 6-9.

 

Lehenbiziko partidan bezala, The Moment taldekoak aitzinetik ibili ziren hasieran (joanekoan 1-6 ere bai, nahiz gero 9-8 galdu). Bigarrenean, 5-3 irabazten joan ondotik, bortz joko segidan egin zuten Apeztegiakoek, markagailuari buelyta emateko eta azkenean 6-9 irabazteko. Jon Apeztegia sakalari ezkerrak min egin zuen horman eta Etxebeste ere ongi ibili zen errestoan. Estrategia garbia erabili du Doneztebe Apeztegiak, beharbada Doneztebe The Moment taldeari falta izan zaiona.

 

Finalerdietako joaneko partidak larunbat honetan

Gauzak honela, Iruritako bi talde eta Arraioz eta Doneztebeko bana izanen dira finalerdietan.

Finalerdietako joaneko partidak uztailaren 15ean, larunbatean jokatuko dituzte. Doneztebe Apeztegia eta Irurita Miguelene taldeen artekoa larunbatean 16:00etan jokatuko dute Doneztebeko Bear-Zanan eta Arraioz Sagardia eta Irurita Biek taldeen artekoa larunbatean 17:00etan Arraiozen. Itzulerako bi partidak Iruritan izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun