Herri galdeketa eginen dute udazkenean Donezteben ere

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 27a, 07:35

Aunitz Eskuetan Plataforma aurkeztu zuten joan den ortziralean Donezteben eta udazkenerako herri galdeketa antolatuko du.

Gure Esku Dago dinamikaren baitan sortu da Aunitz Eskuetan plataforma Malerrekan eta hainbat ekitaldi antolatuko ditu datozen hilabetetan 

Gure Esku Dago dinamikaren baitan sortu da Aunitz Eskuetan plataforma Malerrekan, udazkeneko galdeketa aurrera ateratzeko asmoz. Ostiralean egin zen aurkezpena Doneztebeko herrigunean, eta giro ederrean Malerrekan ere erabaki nahi dutela aldarrikatu zuten. Momentuz, galdeketa Donezteben bakarrik gauzatuko da, baina udaberrira begira olatua Malerrekako gainerako herrietara iristeko itxaropena dute herritarrek. Horrez gain, orain arte Doneztebeko herritarrek egindako atxikimenduekin bideo labur bat ere sortu dute.

 

Udazkenera bitartean ekitaldi, festa eta tailer andana antolatuko dituzte. Lehenengoak Doneztebeko bestatan izango dira: hala nola, bezperan, 28an, kalejira koloretsua eginen da arratsaldeko 7etan; eta San Pedro egunean, berriz, egun osoan herriko txosnan egonen dira. Arratsaldeko 5etatik aitzinera haurrendako tailerrak antolatu dituzte, eta gauza bera azken egunerako, iganderako.

Galdeketa zilegi izan dadin, irailean hasiko dira sinadura bilketarekin Donezteben. Bitartean, kamisetak eta boletoak saltzen hasi dira, finantzazioa lortze aldera. Antolatuko diren ekitaldi guztiak Facebook eta Twitter bidez zabalduko dira; baita ahoz aho eta mezuz mezu ere.

Aunitz Eskuetan taldeko kideek adierazi nahi dute informatzera, laguntzera nahiz eztabaidatzera hurbildu nahi duen edonork ateak irekiak dituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun