Ortziralarekin hasi ziren pestak, haurren egunarekin. Horien ilusioak asko balio du, eta, motor horrek tiratuta, aitortu beharra dago jokoak antolatzen aritzen direnen meritua, koltxonetekin eta karrekin lehian aritu behar baitute. Bezperako suarekin ere, ikusgarria izaten da ume ttikien aurpegia, baitakite ongi aski ez dela egunero ikusten dutena. Musikan, berriz, belaunaldi aldaketa bakarrik ez, formatu aldaketa ere gertatu da, Modestoren eta berbena taldearen tokian, lesakar DJ bat izandua baita.
San Joan egunean, elorri zuria ate ondoetan paratzearekin, tanbolinteroek pasatu zuten herria, ohitura zahar-zaharrak, inondik ere. Mezaren ondotik, berriz, otordua, eta herri bazkaria, Lizarralde eta Muñoa bertsolariekin. Arratsaldean, partida bat jokatu zuten, eskuz, herriko bi zaharrek bi gazteren kontra, eta, tantotik tantora hatsa hartzeko, bertsolariak aritu ziren ateraldiak botatzen. Irriparre asko egin zuen jendeak. Gero, berriz, erreminta hartu eta frontenis partida jokatu zuten barrideko anaiek Argilorekoekin. Ikusgarria izandu zen. Jendeak asko jo zituen eskuak arrasalde guzian.
Eta, igandean, argi soinuarekin batean, mus txapelketa. Eta, eguardi aldera, aizkora: Bizente hori ez dakigu noraino ailegatu beharra den; oraingoz, baita Saldiseraino ere ailegatu da.
Arratsaldean, haurrek eman zuten pestetako ez ustekorik politena, egiazko herri kirolak antolatuta: txokorta biltzea, lasterka zakua bizkarrean, lasterka zamarik gabe, txingude goitzea, txingak eramaten, enbor goitzea eta buelta berriz ere, hiru txanda egin arte! Horien ondotik, berriz, sokatiran, ezkonduak eta neska-mutilzaharrak. Aurtengo beste berritasuna egiazko mariatxiak, Joselu anaien kantuak bersionatzen. Eta, segidan, tortilla lehia ez, pelehia latza, tortillarik onena nork eginen! Eta, aurten ere, Txaparrek eraman 100 euroak eta irabazlearen meritua. Hango jende sailari lagun egiteko, berriz, Oihana trikitilarien aire zaharrak. Eta festen hondarrean, igualeko su festak herriko etxetik heldu den urte artino esanaz bezala.