Sunbillan eta Bidasoko Bide Berdean izanen da Ederbidea mugaz gaindiko proiektuaren lehen bizikleta martxa

Mikel Albisu (Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoa), Amets Inda Sunbillako alkatea eta Fermin Unzu (Urdi), ekainaren 7an Sunbillan egindako aurkezpenean.

Ekainaren 24an, larunbatarekin, ospatuko da Ederbidea proiektuaren bizikleta topaketa handia, Bidasoko Bide Berdeko mugaren alde bateko eta besteko bizikleta zaleak batzeko, 24 eta 40 kilometroko bi ibilbidetan 

Sunbillak hartuko du heldu den ekainaren 24ean, larunbatarekin, Ederbidea Zikloturistaren lehen edizioa, Bidasoko Bide Berdearen martxa zikloturista handia mugikortasuna eta turismo iraunkorra sustatzeko.

 

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatuta eta Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzaren Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, Ederbidea proiektuaren lehen ekitaldi publikoa da. Nafarroako, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoko mugaz gaindiko lurraldeetan bizikletaren erabilera sustatzeko europar lankidetza proiektua da Ederbidea.

Ederbidea INTERREG POCTEFA proiektua da, bertan parte hartzen du Europar Batasunak eta EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez kofinantzatzen da.

Lasterketaren helburuetako bat mugaren alde bateko eta bertzeko zaleek bat egitea da, lehiakorra ez den martxa batean eta Bidasoldea¡z disfrutatzea, ingurune natural batean, oinpekoei edo pedalei eragin bitartean.

Ederbidea Zikloturistak bi ibilbide zirkular izanen ditu, zailtasun maila desberdinekoak eta biak Sunbillan hasten direnak.Lehenengoak 24 kilometro ditu eta Doneztebe, Legasa, Oieregi eta Oronoz Mugairiraino iritsiko da, handik Sunbillara itzultzeko. Bigarrenak 40 kilometrokoa da eta Sunbillatik joan etorria izanen da, Berrizaun eta Beratik pasatzen.

Parte hartzea doakoa da baina beharrezkoa da aldez aurretik izen ematea hilaren 18ra bitarte, daitezke www.rockthesport.com/evento/ederbidea-martxa-zikloturista-2017 webgunean. Zortzi urtetik gora  edonork parte hartu dezake. Ekitaldia amaitzean, zikloturisten artean bi pertsonentzako bi asteburu pasa Baztan-Bidasoako landetxe batean eta bi pertsonentzako sei menu Baztan Bidasoa Turismoko kide diren establezimenduetan zozketatuko dira.

Nabarmentzekoa da Udalaren eta Sunbillako herritarren inplikazioa mugaz gaindiko topaketa zikloturista honetan, haien kirol instalazioak utzi dituztelako eta boluntario moduan parte hartzaileak lagunduko dituztelako.

 

Oinpekoetan Bidasoko Bide Berdeaz disfrutatzen

Ederbidea mugaz gaindiko proiektuak Bidasoko Bide Berdea sustatzea du helburu. XX. mendearen hasieran Irun eta Elizondo batzen zituen Tren Txikito deiturikoaren bidea egiten du bide berde honek, eta orain, helburua, Europara irekita dagoen ardatz zikloturista bat egitea eta turismo iraunkorraren tokia izatea da.

Gainera, Ederbidearen beste helburuetako bat bide berde hau Plazaolako bide berdearekin elkartzea da, eta horrela, bizikletaz egin daitekeen ibilbide luze bat egituratzea, Baiona eta Donostia Iruñearekin elkartuz eta Europako ibilbide handietan txertatuz.

Modu honetan, Bidasoaldea sustatzen jarraituko da Europako lokarri garrantzitsu bezala zikloturismoaren bidez, bizikletaren kirol jarduera eta mugikortasun iraunkorra bultzatzen diren bitartean.

 

Informazio praktikoa

Izen-emateak ekainaren 18ko 00:30ak arte egin daitezke www.rockthesport.com/evento/ederbidea-martxa-zikloturista-2017 webgunean. Izen-ematea doakoa da baina beharrezkoa, lasterketaren aseguru bat barne hartzen duelako.

Parte-hartzaile guztientzat elkartze gunea Sunbillako kontrol zonaldea-irteera da. Bertan, goizeko 8:30etik eta martxa hasi baino ordu laurden lehenago dortsalak jaso daitezke. 

10:00etan hasiko da martxa 40 kilometroko ibilbidea hautatu dutenentzat; 10:30ean, berriz, 24 kilometrokoa eginen dutenentzat.

Beharrezkoa da kaskoaren erabilera adin guztientzat eta gomendatzen da, halaber, ura eta jaki solidoak eramatea. Antolatzaileek dutxak eta komunak gaitu dituzte Sunbillako igerilekuetan eta  hornidura zonalde osasungarria ura eta frutarekin egonen da helmugan eta Beran.

  

Ederbidea, mugaz gaindiko lankidetza bizikletaz mugikortasuna sustatzeko

Zikloturista martxa Ederbideak publikoarentzat antolatutako jardueren artean dago. Europar lankidetza proiektua da Ederbidea, Nafarroako, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako mugaz gaindiko lurraldeetan bizikletaren erabilera sustatzeko. 

EDERBIDEA 2016-2019 proiektuak INTERREG POCTEFA Europako programaren laguntza du, eta bertako batzorde kudeatzailea Pirinioetako Lan Elkartea da. 9,4 milioi euroko aurrekontua du, eta %65a Europar Batasunak kofinantzatzen du EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez.

EDERBIDEAko bazkideak Pirinio Atlantikoen Departamentua, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira; Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo Udalak; Hego Lapurdiko Hirigunea Elkargoa, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa, Cederna Garalur elkartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Horrekin batera, politika komun bat garatuko da bizikletaren erabilera bultzatzeko turismo eta aisialdiko ikuspegitik nahiz eguneroko joan-etorrien ikuspegitik. Helburuen artean: isuri kutsagarriak murriztea eta garraioaren iraunkortasunean aurrera egitea, zirkulazioa arintzea eta biztanleen osasuna hobetzea.

Hortaz, EDERBIDEAk aukera ematen du mugikortasun iraunkorrarekin, ekonomia berdearekin, eta, bereziki, turismo aktiboarekin jarduera ekonomikoak garatzeko.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun