Eskulanekin eman zioten hasiera ekainaren 3an Oizko Elkartearen egunari eta euria ari zuenez eliza atarian izan zen. Umeek eskulanak egiten zituzten bitartean, helduek mus txapelketa jokatzen hasi ziren herriko elkartean.
Eguerdian, Julen Kañamares eta Mieltxo Mindegia aritu ziren aizkoran eta Kañamares garaile izan zen. Herritarrek, "karpa artesano” bat montatu zuten plazan eta horri esker, aizkora apustua jokatzeko eta bazkaria egiteko ez zen arazorik izan.
Aizkora apustuaren ondotik bazkariarekin hasi ziren eta nahiz eta eguraldiak ez zuen lagundu, 76 lagun elkartu ziren eta giro ezin hobean joan zen otordua. Bazkalondoren Agerralde hasi zen giroa gehiago alaitzen eta aski gustura ibili ziren.
Fermin Mitxeori omenaldia
Arratsaldean, Fermin Mitxeo elkarteko bazkiderik zaharrenari omenaldi ttiki bat egin zioten. Ferminek 95 urte ditu eta abenduan 96 beteko ditu, eta «zein ongi dagoen gure Fermin!», zioten gainerako bazkideek. Momentu hunkigarria izan zen eta emozioz beteriko uneak ere izan ziren: Imanolek, elkarteko bazkideetako batek, dantzatu zion Aurreskua eta bazkidea eta juntako kidea ez ezik, Ferminen ilobaren alaba den Jaionek, txapela jantzi zion.
Gero denak merendatzera joan ziren Ferminekin, bere gustoko merendua prestatu baitzuten (gazta zaharra, gindillak, tipula, antxoak eta ardo pixko bat). Gero, umeek talo tailerra egin zuten eta nola gozatu, kontent ibili baitziren saltsan beraien afariko taloa prestatzen. Helduentzat ere pintxoak izan ziren eta gaueko ordu txikiak arte festa izan zen!.
«Zorionak Fermin, eta eskerriakasko parte hartu zenuten guztieri, eguraldiak lagundu ez arren egun bikain bat pasa genuen!», diote elkartetik.