Errekaren Eguneko ospakizunak bezperan, ortziralean hasi ziren. Ttikienen partidetan ikusmin handia izan zen eta puzgarrietan ere gustura ibili ziren neska-mutikoak. Mus txapelketan, berriz, 45 bikotek parte hartu zuten eta Corito eta Pedro suertatu ziren txapeldun, finalean Mateo eta Txirriri irabazita.
Baina ekitaldirik gehienak larunbatean izan ziren, gehienak kirolarekin eta, batez ere, eskubaloiarekin lotuak. Goizean harrobiko jokalari ttikienen txanda izan zen, baita judo eskolakoena ere. Arratsaldean, ikusmin handia piztua zuten partiden txanda izan zen. Jubenilen eta beteranoen arteko partida berdinketarekin akitu zen eta ondotik, senior neskak eta mutilak nahasi, hiru talde osatu eta hiru taldeen arteko norgehiagoka jokatu zuten. Partidaren atsedenaldian Erreka dantza taldekoek emanaldia eskaini zuten eta ondotik hainbat sari zozketatu zituzten.
Arratsaldeko ekitaldiak ederki joan baziren, zer erran Santa Luzia Plazako afariaz. Eguraldiak ez zuen lagundu, baina halere plazoletako karpa azpian afaltzera jendetza bildu zen. Beti bezala, hainbat oroigarri eta omenaldi eskaini zituzten. Batetik, Oskar Mindegiari, hainbertze urtez, judo eskolan egindako lanarengatik. Eskubaloiko kadeteen eta neska nahiz mutil seniorren taldeetako kideek ere beraien entrenatzaileei oroigarriak eman zizkieten. Aipatzekoa da, lau urtez lehen taldea entrenatu ondotik, Iban Ezkurrak ardura hori uztea erabaki duela.
Ekitaldi guztia akitua zegoela zirudienean, Txomin Mindegiari ere omenaldia eskaini zitzaion. Juan Telletxea agertu zen Txomin Mindegiaz mozorrotua eta elkartearen izenean esker ona adierazi zion, errekazaleen txalo zaparradarekin lagunduta.