85 urtetik goitiko herritarrak omendu dituzte Urrozen Malerrekako Egunean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 29a, 12:09

85 urtetik goitiko herritarrak omendu zituzten Urrozen.

Sunbillak hartu du 2018ko ospakizuna antolatzeko lekukoa

Urrozen ospatuko da Malerrekako Eguna maiatzeko hondar larunbatean. Ekitaldi ugari egin dituzte, eguraldi bero eta eguzkitsua baliatuz. 85 urtetik goitiko herritarrak omendu zituzten.

 

Zehazki zazpi herritarrek omenaldia jaso zuten Udalaren izenean: Joxepa Etxegia, Bitoriano Arzuaga, Trinidad Grajirena, Demesia Iribarren, Joxe Arozena, Pedro Etxegia eta Bixi Arozenak.

Horren ondotik, goizean artisauak eta talogileak plazan ziren eta dantzariak ere aritu ziren lanaen. Mendi Abesbatzak ere emanaldia eskaini zuen. Eguerdian, Malerrekako musikariak herrian barna ibili ziren, baita buru-haundiak eta joaldunak ere. Bingoaren ondotik, paella jatea izan zuten Malerreka Kantuz-ek lagunduta.

Arratsaldean, Malerrekako Mus Txapelketako finala jokatu zuten Herriko Ostatuan. 15 herrietako txapeldunak nor baino nor gehiago aritu ziren eta final nagusian, Iturengo Eki Gerekak eta Arkaitz Untxalo suertatu ziren txapeldun, Beintza-Labaiengo Juan Bautista Urroz eta Mari Jose Pildain-i irabazita. Muxikoak dantzatzeko aukera ere izan zen plazan. Haurrendako txokolatada eta jokoak izan zituzten eta berriz ere buru-haundiak kalejiran ibili ziren, frontoian, aizkora apustua jokatzen zuten bitartean.

 

Lekukoa Sunbillak hartuko du

Globora igo eta Urroz eta inguruak airetik ikusteko aukera ere izan zuen nahi zuenak. Iñaki Juanena Urrozko alkateak Malerrekako Egunaren antolaketako lekukoa Amets Inda Sunbillako alkateari eman zion eta Oharkabe taldearen musikarekin eta herri afariarekin akitu zen Malerrekako Egun borobila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun