22 ahari aurkeztu dira Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 5a, 19:01

Ahari saridunak, beraien jabeekin eta epamahaiko kideekin. Argazkia: Alicia del Castillo

Lehenbiziko sariak Donamariko Zabaltenera eta Epeloara joan dira

Doneztebeko Udaberriko feria hamekagarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 5ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. Hamalau baserritarrek 22 ahari aurkeztu zituzten lehiaketara, azken urteetako kopururik handiena.

 

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara hamargarren ahari lehiaketa egin zen Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 22 buru aurkeztu ziren lehiaketara, 14 artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, 7 ahari muturbeltz eder aurkeztu ziren. Horien artean, iaz bezala, Donamariko Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria. Bigarren saria, 70 euro, Beintza-Labaiengo Iñarreko Pablo Elizondoren ahariarendako izan da eta hirugarrena, 50 euro, Ezkurrako Ibiako Ascension Mindegiarendako.

Mutur gorrien atalean, 15 buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan dute saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Donamariko Epeloako Kontxi Bazterrikak aurkeztutako ahariarentzat izan da. Bigarren saria Oizko Peletxeneko Luxi Telletxeak lortu du eta hirugarrena Donamariko Sorameneko Nicolas Lasagak ahariak eskuratu du.  Alfredo Basterra albaitariak, Patxiku Mitxelena zubietarrak eta Xanti Uterga Doneztebeko alkateak osatu dute epaimahaia.

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu zen ortziral eguerdian, Martin anaiek eta Mikel Mendiburuk aurkeztutako behi, zaldi eta astoekin. Gainera, azken urteetan bezala, elizako gorapean izan ordez, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu diren eskualdeko eskulangileek eta   Doneztebarrak elkarteko merkatariek ere beraien produktuak atera dituzte eta horrek lagundu du feria giroa ederragoa izan dedin. Eskulangileei dagokienez, Miguel Arregi (Zubieta, egurra), Santiago Hualde (Zubieta, kaikuak), Roskiluleko Lourdes Goñi (Doneztebe, etxeko goxokiak), Joxepa Loiarte (Zubieta, taloak), Fausti Juanikorena (Zubieta, jantzigintza) Maria Salanueva (Zubieta, ukenduak), Noelia Ariztia (Doneztebe, bitxiak), Mari Mar Torres (Urroz, ukenduak eta xaboiak) izan dira beraien produktuak plazaratu dituztenak. Horretaz gain, Saray Nafarroako Bularreko Minbiziarem elkartearen aldeko liburua 3 eurotan saltzen aritu ziren Santa Luzia Plazan eta Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteak Baionako Bernart Etxepare Lizeoaren aldeko ‘Hazten gaitu, hazten dugu’ egitasmoa ere plazan izan ziren.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun